2017ko abenduaren 24an zabaldu zituen Seminarixoak ateak lehenengoz. Olentzero eta Mari Domingiren eskutik herritarrek Bergarako kultura agertoki berria lehenengoz ikusi ahal izan zuten!!

 

Herritarroi luze egin zaigu agertoki berri hau bukatuta ikustea baina, dakizuen moduan, aretoa bera ondarea izatea eta hori bere horretan zaintzeko ahaleginak luzatu ditu bertako obra eta egokitzapen lanak. Tentuz eta mimoz egindako lan horri esker, Bergara erdi-erdian kokatuta dagoen XVIII. mendeko gure ondare garrantzitsuetako batean XXI. mendeko azpiegituraz atondutako agertoki eder bat daukagu. Arte ondare eta modernitatearen artean ia ezinezkoa zirudien oreka errealitate bihurtu da, eta altxor horretaz gozatuko dugu aurrerantzean. Bergarak dagoeneko badu diziplina anitzeko emanaldiak modu erosoenean eta baldintza egokienetan ikusi eta entzuteko azpiegitura egokia. Itxaronaldiak merezi izan du, zalantzarik gabe!

 
Aretoari, gure toponimia eta hizkera-ohiturei jarraituta eta hizkuntza arauak beteta, “Seminarixoa” izena jarri diogu. Eta hala izatea nahi dugu, kulturaren hazitegi bat. Bertara ekarriko ditugu neurri desberdinetako ikuskizunak, haiekin gozatu eta haietaz ikasteko; baina, era berean, herriko kultura taldeek eta artistek ere bertan plazaratuko dituzte beraien sorkuntzak. Gure herriko kultura sortzaile eta kultura zaleok merezitako aretoa daukagu!
 
Manu Muniategiandikoetxea artista bergararrak sortu du Seminarixoko irudia. Bera eta bere ekipoa zortzi puntako izarrean, euskal izarrean, oinarritu dira. 
 
Muniategiandikoetxeak azaldu duen bezala, izar hau euskaldunon jatorrian eta gure oroimen kolektiboan zizelkatuta dago eta gurera, gaur egunera, ekarri nahi izan dute.
Seminarixoan izar honek beste adiera gehigarri bat hartzen du: forma borobilagoa hartuta hazitegiaren zentzua emanez, izar edo lora honen petaloak haziak dira, tanta bihurtuta kulturaz 'busti'ko gaituztenak. Eta tanta horietatik etorriko dira besteak, kultura hazten eta hazten joan dadin. Hala irudikatzen da-eta Seminarixoa, kulturaren sorleku eta hazitegi.
 
Udalaren apustua irmoa izan da: Bergarako kultura sortzaileek eta Bergarako herriak behar zuen maila handiko agertoki bat, eta azkenean lortu dugu. Aretoa bera ederra da, gure herriaren ondare bizi-bizia, eta aretoaren beraren baldintza eta azpiegitura teknikoak punta-puntakoak.
 
Eta dagoeneko urtarriletik maiatzera izango diren emanaldi gehienak jasota daude. Musikak pisu nabarmena izango du (klasikoak, rockak, popak eta beste), baina agertoki berri honetan lekua izango dute, baita ere, antzerkiek, dantzek eta haurrentzako emanaldiek ere. Oraingoz egitarauan jasotakoez gain ere izango dira beste batzuk; horien artean herriko talde eta ekimenenak.
 
Bestalde, zine emanaldiak ere Seminarixoan egitea da asmoa, eta hala jaso da 2018ko udal aurrekontuen proposamenean; baina horretarako hilabete batzuk itxaron beharko dira.