Udala ari da lanean Miguel Altuna Lanbide Heziketaren egoitza berria herrigunearekin lotzeko baliabide egokienak bermatzeko.

Hala, Miguel Altuna herrigunearekin lotzeko oinezko pasabidea egiteko lanak Morga SA enpresari esleitu zaizkio. Horren kostua 235.889,56 eurokoa izango da (BEZ barne) eta lanek, irailean hasita, hiru hilabeteko iraupena izango dute.

Miguel Altunaren partzela eta Gabiriagañekoa baserriko lurren artean egingo dira lanak eta hormigoi-losarekin pabimentatu eta aglomeratuarekin osatuko den ranpak 2,5 metroko zabalera izango du. Guztira, 850 metroko luzera izango du.

Oinezko eta bizikletendako pasabide horretan led-eko 10 luminaria, barandillak, zuhaitzak eta hainbat eserleku jarriko dira.

Gabiriako tunela

Irisgarritasun lan horren baitan aurreikusita dago, baita ere, Gabiriako tunela inpermeabilizatu eta eusteko lanak egitea. Geotunel SL enpresari esleitu dizkio lan horiek Udalak eta 48.109,34 euroko aurrekontua izango dute. Udalak ahalegin guztiak egingo ditu lan hauek iraila hasierarako bukatuta egon daitezen. Izan ere, lanak egin bitartean tunela oinezkoei itxita egongo da.