Bergarako Udala-k Ar, 2026-10-27 07:50-n bidalia
Iaz ez bezala, aurten, urriaren 30ean ospatuko da Bergaran Gau Beltza sorpresaren bat tarteko.
Asteazkenean abiatuko da ospakizuna, urriaren 28an, 17:30ean, Oxirondo azokan egingo den Xanduli manduli, eman gaztainak guri ekimenarekin. Bertako asteazkenetako azoka dinamizatzeko ohiko hitzordua baliatuko dute antolatzaileek, jaiaren aurrerapen gisa.
Egun bat aurreratuta
Gau Beltzaren egitarau nagusia ostiralean, urriaren 30ean, ospatuko da. Aurten urriaren 31 larunbata denez eta herrian beste hainbat ekintza antolatuta daudenez egun horretarako, antolakuntzak komenigarritzat jo du jaia egun bat aurreratzea, horrela ekitaldien arteko bateratzea saihestuz.
Eguna 17:00etan hasiko da, Bedelkarreko komertzioetan egingo den Xanduli manduli eskearekin. Ordu erdi geroago, 17:30ean, haurrentzako tailerrak izango dira Oxirondo azokan, non kalabazak hustu, aurpegiak margotu eta mozorrotzeko aukera izango duten txikiek. Parte-hartzaileek etxetik ekarri beharko dituzte mozorroak eta kalabazak.
18:00etan helduentzako Trivial lehiaketa jokatuko da, Gau Beltzaren inguruko girotzearekin batera. 14 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte, eta irabazleek 20 euroko bonoak jasoko dituzte sari gisa.
Kalabazen kalejira
Egitarauko berrikuntza nagusia 19:00etan iritsiko da, kalabazen kalejirarekin, zeinak musikaz, dantzaz, suz eta bertsoz girotuko baititu herriko kaleak. Oxirondotik abiatuta, kale ugaritatik igaroko da kalejira, eta antolatzaileek dei egin diete herritarrei trapu zaharrekin mozorrotuta ager daitezen, giroa are biziago eta bereziagoa izan dadin. Amaiera ekitaldia 20:00etan egingo da Irizar parkean.
Bisita gidatuak
Ostiral iluntzean, Bautista Legenarduak bi bisita gidatuko ditu herriko kale eta barrunbeetatik barrena: lehena 21:30ean, euskaraz, eta bigarrena 23:00etan, gaztelaniaz. Bisitak doakoak dira, baina aldez aurretik eman behar da izena, ugutztour@gmail.com helbidera edo 695 753 430 telefono zenbakira idatzita, aforoa bete arte.
Egitaraua Xaxau jai konpartsak, Jardun euskara elkarteak, Bedelkarrek, Elikaeneak, Camden Dance Studiok, Bergarako Musika eta Dantza Eskolak elkarlanean antolatu dute, eta Bergarako Udalak babestu du ekimena.

