Bertako komertzioetan ahalik eta eragin txikiena izateko alternatibak bilatu ostean, Bergarako Udalak apirilaren 15ean hasiko ditu Oxirondo azoka atontzeko lanak. Lan hauekin azokako postu finkoak dauden espazioa erakargarriagoa bilakatzea nahi da, eta, horretarako, Udalak 48.201,86 euroko inbertsioa egingo du. Helburua espazio guztiari antzekotasun estetikoa eskaintzea izango da.

Lanek hilabeteko iraupena izango dute, baina, postu finkoetako negozioen eskaerei men eginez, azokako ezkerraldeko lanak hamabost egunetan egingo dira. Hala ere, egun horietan postu finkoetako negozio gehienek lanean jarraitu ahalko dute alternatiba berriak aztertu ostean.
• Bixain harategia: karga eta deskarga gunean kokatuko da behin-behinean eta bezeroak normaltasunez atendituko ditu atzeko atetik (autobus paradaren ondoan dagoen azokako karga/deskargarako atetik).
• Izotz jaki izoztuak: azken hileetan goizez eskaintzen zuen zerbitzua eta obrak irauten duten bitartean ez du zerbitzurik eskainiko. Beraz, postu hau bi asteaz itxita egongo da.
• Ikuz garbitegia: normaltasunez eskainiko du garbitegi zerbitzua. Pertsiana zati bat itxita izango du, baina bestea, jendearentzako zabalik betiko sarrera-irteeratik.

Horrez gain, obrak irauten duten bitartean, asteazken eta larunbatetako baserritarrak ere azoka ondoan dagoen Oxirondo plazan salduko dituzte beraien produktuak.

“Lan hauekin Oxirondo eraberritu nahi dugu, bergararrei espazio erakargarriago bat eskainiz eta erreferentzialtasuna bilatuz. Azokako solairu nagusiko eraberritze lanei bukaera emango diogu, eta asmoa da ELIKAENEAk hartu duen estetika berdintsua hartzea ezker aldeko postuetan ere, horrela azokaren irudia indartu eta bateratzeko”, adierazi du Ainhoa Lete zinegotziak.

Lan hauek Oxirondo azoka eraberritzeko proiektuaren parte dira, eta, besteak beste, azokara Elikaenea proiektua gehituko da, berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Landaola saria irabazi duen proiektua, hain justu. Proiektu hau Oxirondo biziberritzeko asmoa espazioaren berritze lanetatik harago doa, eta udaberritik aurrera bergarar guztiei ‘plaza’ ireki bat eskainiko die ‘Elikaenea’k. Izan ere, herritarren, ekoizleen eta postuetako dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua jarriko da martxan.