webmaster-k Og, 2026-02-05 12:57-n bidalia
Hilabeteko lehen ostiraletan musika eskaintza indartuko du Bergarako Udalak Seminarixoa aretoan. Otsailetik ekainera taularatuko diren lau proposamenak aurkeztu ditu Udalak; ostiral honetan, otsailaren 6an, Xak taldearen kontzertuarekin hasiko da programa. Jarraian etorriko dira Putas Amak, Ruper Ordorika eta Harria.
Ekainetik aurrera, uda sasoiean, uztaileko Berumuga eta abuztuko aire libreko kontzertuek hartuko dute erreleboa; eta Seminarixoa aretoko musika programazioa San Martin jaien ostean itzuliko da. Besteak beste, urriaren 9an Olaia Intziartek kontzertua eskainiko du aretoan. Xak-en sarrerak seminarixoa.eus webgunean daude salgai, eta gainontzekoak ere laster jarriko dira bertan.
Hau da otsailetik ekainera izango den eskaintza:
Otsailak 6 – Xak
Paxkal Irigoyen garaztarrak Xak proiektu berria abiarazi du. Sei kantuz osatutako lana 2025eko maiatzean argitaratu zen. Kantuak zuzenean emateko boskotea osatu du Irigoyenek: Julen Etxeberri baterian, Allande Etxeberri baxuan, Paul Covreur gitarra eta mandolinean, eta Uxue Olaziregi gitarra akustikoan. Popa eta folka fusionatzen dira kantuotan: melodia malenkoniatsuak gitarra, mandolina eta ahotsetan; indarra eta erritmoa baxu eta baterian.
Martxoak 7 – Putas Amak
Putas amak, Egia auzoan bizi diren hiru emakume (ama) dira; Lorea, Oiane eta Nahikari. 2021ean sortu zuten musika taldea, eta geroztik hainbat proiektutan aritu dira.
Orain, pauso berri bat eman, eta estudioan grabatu ondoren, Ez goaz inora EP-a aurkeztu dute. Zazpi kanta jasotzen ditu proiektuak: Ez goaz inora, Teknoerrua, Maitia, Kantu generikoa, Kontuz, Contacto visual eta Kunbia zikina.
Apirilak 10 – Ruper Ordorika
Ruper Ordorikak "Lurra ikutu barik" disko berria aurkeztuko du. Bere lehenengo diskoa, "Hautsi da anphora", 1980an kaleratu zuen Bernardo Atxagaren testuekin, eta ordutik gaurdaino ibilbide emankorra izan du, hogei disko baino gehiago atera baititu.
Musikari oñatiarrak bere "Mugalariak" taldearekin joko du azken albumeko abestiak aurkezteko. Taldeko kide dira Arkaitz Miner (gitarra, biolina eta mandolina), Lutxo Neira (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Eduardo Lazaga (perkusioa) eta Nando de La Casa (perkusioa eta teklatuak).
Ekainak 5 – Harria
Harria proiektuaren gidari den Aitor Aldanondo bergararrak bizipen sendoak pilatu ditu musikan zein bizitzan. Brigada Criminal taldea desegin zutenetik punk-rocka alboratuta dauka, sustraietako musika eta folkaren bideetan barna ibili da Bizardunak, Fiachras edo WAB taldeetan. Ekaitz Aranberri, Guille Sanz, Maitane Azkarate, Ander Elorza eta Adolfo Alcoceren alboan 'Hemen' diskoa aurkezten dute orain.

