webmaster-k Og, 2026-02-19 10:14-n bidalia
Bergarako Udalak udal eraikinetan aurreikusitako bost instalazio fotovoltaikoak amaitu ditu. Eguzki-plakak Labegaraieta kiroldegian, Martinez de Irala eraikinean, Oxirondo azokan, Angiozarko udal-frontoian eta Osintxuko udal-frontoian dagoeneko jarrita daude eta instalazioak martxan jartzeko azken izapidea baino ez da falta: sareko konexiorako baimena jasotzea, Iberdrola enpresaren onarpenarekin.
Proiektu hau Europar Batasuneko Next Generation EU funtsen babesarekin gauzatu da, Espainiako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan. Jardueraren %85 diruz lagunduta egon da, inbertsio osoa 561.168,92 eurokoa izanik (BEZ barne). Europako laguntzari esker, Bergarak urrats sendoa eman du trantsizio energetikoaren bidean.
Bost instalazio berriek urtean 370.655,07 kWh sortzeko gaitasuna izango dute, eta Labegaraietako lehendik zegoen instalazioa gehituta, guztizko sorkuntza 450.655,07 kWh/urtekoa izango da. Horri esker, 2024-2026 aldian udalaren energia kontsumoaren %10,75 energia garbiaren bidez asetzea aurreikusten da, eta 2030erako %38,04ra iristea da helburua.
Ekimen honen bidez, Bergarako Udalak jasangarritasun klimatikoaren, energia-eraginkortasunaren eta tokiko energia-sorkuntzaren aldeko konpromisoa berresten du, erregai fosilen menpekotasuna murriztuz eta udalerrian energia garbiaren presentzia nabarmen handituz.

