webmaster-k Og, 2026-05-21 09:18-n bidalia
Azken urteetan bezala, aurten ere Aske Maite Haut kanpaina abiatu da, Pentekosteetan indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta erantzun komunitarioa indartzeko helburuarekin. Kanpainaren baitan, egitarauan jasotako protokoloa prestatu da, eta hainbat ekimen antolatu dira babes kolektiboa sustatzeko.
Besteak beste, Udaletik autodefentsa feminista lantzeko tailerra egin da azken egunotan, Xaxauko protokoloaren arduradunei eta Oineztuko kideei bideratuta. Saio horretan, indarkeria matxistari aurre egiteko estrategia komunitarioak landu dira, komunitatean oinarritutako erantzun eraginkorrak garatzeko.
Bestalde, Xaxau elkarteak bere protokolo propioa aplikatuko du txosnagunean, eta arreta gunea jarriko du azokan, informazioa, laguntza eta babesa eskaintzeko, eta Oneztuak Bergarako neska gazteen talde feministak bideo bat zabaldu du, jaietan indarkeria matxista ez dutela onartuko aldarrikatuz, eta uneoro egongo direla erasoei aurre egiteko eta erantzuteko prest azaltzeko.
Udalaren aldetik, iaz onartutako Jaietarako Protokoloarekin aurrera eginez, aurten klausula espezifiko bat txertatu da jaietako kontratu gehienetan —kontzertuetan, zezen plazan, txosnagunean eta barraketan—. Klausula horren bidez, antolatzaileek indarkeria matxista prebenitzeko protokolo propioa izan beharko dute, edo bestela, Udalaren protokoloa betetzea bermatu.
Era berean, landuko den protokoloaren laburpena herriko tabernetan banatuko da, informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko eta eragile guztien inplikazioa sustatzeko.
Azkenik, zezenzaleekin ere prestakuntza saio bat egin da, sektore guztietan prebentzioa eta sentsibilizazioa indartzeko asmoz.
Udalak nabarmendu du herri osoaren konpromisoa ezinbestekoa dela jai seguruak eta askeak bermatzeko, eta horregatik dei egiten du errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai giroa eraikitzera.

