Udal Gobernuak eta EAJ alderdiak adostutako adierazpen instituzionala

  1. Astelehena bezalako operazio polizial eta judizialek iraganera garamatzate. ETAk indarkeria utzi eta hiru urtetara, ulertezina egiten zaigu salbuespen egoerako jokabideak mantentzea, “dena ETA da” oinarritzat hartuta. Udal honek,  berretsi egiten du oso larria dela 04/08 Sumarioa bezalako epaiketekin aurrera egitea. Argi gelditu da lotu egin nahi izan direla astelehenean hastekoa zen epaiketa eta oinarri politikoa daukan goizeko polizia jarduera.
  2. Ez ditugu ezagutzen atxilotuei egozten zaizkien akusazioak. Zentzu horretan, exijitzen dugu zalantzarik gabeko froga errealetan oinarritzea salaketak, eta hartutako neurriak Zuzenbideak dioenarekin bat etortzea. Bestalde, eskatzen dugu atxilotuak ez daitezela inkomunikatuak izan eta abokatuen asistentzia izan dezatela.
  3. Euskal gizarteak bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi du. Hori lortzeko, ezinbestekoa da astelehenekoa bezalako gertakariak alboratzea. Izan ere, berreskuratu egiten ditu euskaldunok atzean utzita genituela uste genituen pasarteak. Ildo horretan, eskatu egiten diogu Espainiako Gobernuari, egungo legalitatea oinarri hartuta eta salbuespenekoa atzean utzita, eman ditzala aurrerapausoak bizikidetzaren alde.
  4. Ekintza-erreakzio dinamika denboran luzatzeak, azken urteotan Euskadin ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzeak, alegia, gizartearen aurreikuspen eta itxaropena zapuztea bakarrik ekarriko du. Euskal gizarteak iragana atzean utzi nahi du behingoz