Kutxa Ekoguneak bultzatu eta Bergarako Udala batu zen “Ontziratu zaitez” kanpaina eraginkorra izaten ari da herrian eta emaitza politak ari da lortzen. Pasa den urteko urrian abian jarri zen “Otziratu zaitez” eta  lau hilabetetan 9.099 aldiz erabili zituzten tuperrak kanpainan parte hartzen ari diren bergarako bizilagunek.

Produktu freskoen saltokietan, batez ere, arrandegietan eta harategietan erabiltzeko, 3.000 ontzi banatu ziren eguneroko erosketetarako eta, era horretan, paper eta plastikozko bilgarrian erabilera murrizteko.

Erabilera datuak

Ontzien edo tuperrak arrandegietan 5.914 aldiz erabili ziren eta harategietan eta produktu freskoen beste saltokietan 3.184, hau da, ontziak %65ean arrandegietan erabili dira eta gainontzeko %35ean harategietan eta beste saltokietan. Azken hauetan ontzia erabiltzearen ohiturak, ordea, gora egin du hilabetez hilabete abenduan izan ezik eta joera positiboa antzematen da. Arrandegietan, ordea, erabilera kopuruak behera egin du abenduan eta urtarrilean.  

Dendarien balorazioa

Ekimenean parte hartzen duten dendariek kanpainaren inguruko balorazio oso antzekoa egiten dute. Batetik, sistema eroslearentzat oso erosoa dela adierazi dute, behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzen baitute. Bestetik, dendetan ontziak maileguan uzteko aukera eskaintzen bada ere, saltzaileek oso gutxitan utzi dituztela hauek adierazi dute.

Era berean, ontzi berrerabilgarriak erabiltzen dituztenen artean, 20€ko erosketa sariak zozketatzen dira hilero, kanpainan parte hartzen duten dendetan gastatzeko.

Kanpainaren abantailak

Ontzia hartu eta dendara eramatea ohitura aldaketa bat bada ere, erosketa askoz erosoagoa da behin etxean zuzenean hozkailuan sartzen baita. Horrela, dendariek ere ez dituzte hainbeste paper edo plastikozko poltsa erabili behar eta kostua murriztu egiten dute. Eta hau guztia ingurumenerako positiboa da, askoz hondakin gutxiago sortzen baitugu horrela.

Bergaran aurrerantzean ere erosketak ontzi berrerabilgarrietan egiteko aukera izango da. Horrela, Udalak eskerrak eman nahi dizkie orain arte kanpainan parte hartu duten guztiei eta, era berean, ohitura aldaketa honek merezi duela adierazi nahi die bergarako bizilagunei denon mesedetan ari baikara. Animatu…eta ontziratu zaitez zeu ere!