Ostiralean, otsailak 27, 18:00tik aurrera Oxirondoko Aisialdi Gunea inauguratuko da.

Azoka Bergaratzen egitasmoaren baitan, aisialdi gunearen inguruko hausnarketa burutu zen eta bertan herriko hezitzaile eta gurasoek hainbat bileretan parte hartu zuten. Hausnarketa honen ondorio nagusia gune honek bi espazio bereizita eduki behar zituela izan zen: batetik, ludoteka eta, bestetik, gune librea. Lehenengoan, hezitzaileekin aisialdi gidatua eskainiko da eta gune librean, aldiz, haurrek eta gurasoek elkarrekin espazioa konpartitzeko aukera izango dute.  

Gune librearen helburua ez da aterpe huts bat izatea (Txiki Txokoak izan daitezkeen moduan). Bertara joaten diren gurasoekin gune bizi bat sortu nahi da, ume eta gurasoen premia eta kezketatik abiatuta aisialdirako eskaintza bat izango dena.

Irekitze datak

Gune librea martxoaren 2tik aurrera martxan egongo da. Ludotekari dagokionez, gaur egun Agorrosinen dagoen ludoteka lekuz aldatuko da eta han eskaintzen zen ludoteka (Jardun euskara elkarteak kudeatzen duena) Oxirondo aisialdi gunean eskainiko da. Lekualdaketa hau, ludotekaren eguneroko dinamika ez apurtzeko, Aste Santuko oporretan gauzatuko da, beraz, apirilaren 13an zabalduko ditu Oxirondoko ludotekak ateak.