Uztaila erdialdean Bergarako haur eskolak jokaera arduragabekoa jasan zuen, eragindako sute batek eraikinean eta instalazioetan kalte materialak sortu baitzituen. Kaltetuak izandako familiei irtenbide emateko helburuarekin, Partzuergoak haur horiek inguruko herrietako haurreskoletara eramateko aukera eskaini zitzaien eta konponketa lanak ahalik eta azkarren hastea erabaki zen.

Honela, Bergarako Udala aseguru etxearekin harremanetan jarri zen eta konponketa lanak hasi zituen. Nahiz eta uda garaia izan eta gremio ezberdin askoren lana behar izan, guztiz erabilgarri eta funtzionamendu ona ziurtatzen duen lanak egin dira. "Izan ere, eraikin barruko lanak amaitzea lehenetsi genituen eta horiek amaitu dira. Eraikinaren kanpoko lanak amaitzea falta arren, haurreskolako egunerokoan inolako eraginik izan gabe egin ahalko dira eta dena aurrera eramateko konpromisoa dugu", agertu du Elena Lete alkateak. Lan guztiak Goitu eraikuntzak S.L. enpresak egingo ditu etadenera, 84.185 euroko aurrekontua dute.

"Modu honetan, berri pozgarria da gaurkoa. Haur eskolan haurrak dituzten familiei ikasturtea lasai hasteko aukera eman diegu, segurtasun neurri guztiak bermatuta, eta bertan izango diren haur eta hezitzaileei beharrezko baliabideak eta ingurua ziurtatzen diegu", amaitu du alkateak.