2016ko irailak 16-22 artean “Europako mugikortasun astea” ospatzen da, Europar Batasunak deituta. Bere helburua trafikoak hirietan sortutako arazo anitzei (zarata, kutsadura atmosferikoa, energia-kontsumo handiak…) aurre egiteko mugikortasun eredu berrien inguruan hausnartzea da. Aste horretarako proposatzen diren ekintzen artean, “Kotxerik gabeko eguna” dago, besteak beste. Eta hori da Bergarako Udalak aurten erabaki duen formatua, ikastetxeen eskaerari erantzun eta “Europako Mugikortasun Astea"rekin bat egiteko.

Elena Lete alkateak auto pribatuen erabilera murrizteko beharra agertu du eta asmo horretan, instituzioek egiteko duten lana nabarmendu du: "Azken hamarkadetan herriak eta hiriak autoentzat pentsatuta eraiki dira, herri eta hirietako antolaketa kotxeetan eta hauen mugikortasunean oinarrituta dago. Baina oinezkoa protagonista izan behar duen hiri antolamendu berri batekin pentsatzeko garaia da. Instituzioek eta Udalak badugu zer egina arlo horretan, eta esan dezakegu Bergarako Udala ari dela zentzu horretan hausnarketa lanean. Herriko ikastetxe guztiek ere hausnarketa lana egin dute, hori dela eta hainbat ekimen martxan jarri dira: eskola bidean egitasmoa eta gaurko egunaren antolaketa tartean".

Insitituzioek ez ezik, herritar eta norbanakoen kontzientziazioa ere ezinbestekoa da pausoak ematen jarraitu ahal izateko; "Herritarrok ere ordea, badaukagu lana. Izan ere, egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitatea hobetu eta mugikortasun jasangarria nahi badugu, garraio ohiturak erabat aldatzea ezinbestekoa da. Ibilgailu pribatuaren erabilera murrizketa pauso garrantzitsua da; eta zentzu horretan guztiok daukagu lan egin beharra. Gurasoak gonbidatu ahalik eta gutxien erabiltzera kotxea, eta bizitza aktiboago baten apustua egin, bizikleta, patinetea eta oinez joatea lehenetsiz", gaineratu du alkateak.

Aurreko ikasturtean Bergarako ikastetxe guztietan mugikortasunaren gaia landu zen, ikasturte bukaeran plenoa egon zen eta bertan, eskoletako umeek eta udal ordezkariek parte hartu zuten. Pleno horretan umeek kotxea hainbeste ez erabiltzeko kontzientziazio kanpainak egiteko eskatu zuten. Udalak, umeen eskaerak bere egin ditu eta horretara dator egun hau ospatzea. Honela, aurten lehenbizikoz ospatuko da "Autorik gabeko eguna", baina "Udalaren asmoa urtetik urtera lanketa honekin jarraitzea da".

Irailaren 22ko egitaraua:

 

Eranskinak: