Herritarren artean hondakinen bilketarako sistemaren gaiak sortzen dituen zalantzak eta urduritasunak ikusita, Bergarako Udalak herritarrekin bilerak egitea erabaki du hauen iritziak bertatik bertara jaso ahal izateko.

Helburu horrekin, Udaleko eta Informazio Bulegoko ordezkariak Bergarako hainbat atartetara hurbilduko dira berauetako bizilagunek hondakin bilketa selektiboari buruz pentsatzen dutena entzuteko.

Bergarako Udalak argi utzi nahi du ekimen honen helburua ez dela herritarrak atez ateko hondakin bilketa selektiboaren inguruan konbentzitzen saiatzea edo eztabaidan jartzea, gerturapen bat lortzea baizik. Hau da, gaiaren inguruan guztiz aldeko edo guztiz kontrako jarrerak azaldu ez dituztenen iritziak eta zalantzak ere entzuteko aukera izatea da Udalaren xedea.

Atarteetako saiootan jasoko diren iritziak oso aberasgarriak izan daitezke hondakin bilketa selektiboaren inguruan datozen asteetan egingo den parte hartze prozesurako.

Atarteen aukeraketa

Bergaran 700 inguru atarte daude baina guztietara era berdintsuan iristea ez da jasangarria, ez ahalegin ez kostu aldetik. Horregatik, zozketa bitartez, lagin bat aukeratu da.

Laginaren baitan sartu diren atarteetan bileren berri emango duen udal-bandoa jarriko da.

Herritarrekin egingo diren saio hauetariko bakoitzera Udaleko bi ordezkari joango dira bizilagunekin biltzera.