Maite Agirre Kultura zinegotziak, Edurne Korta Kultura teknikariak eta Marije Ugalde Musika Eskolako zuzendariak aurkeztu dute gaur goizean 'Alizia' musikala, azaroaren 11n eta 12an udal pilotalekuan 18:30ean eskainiko dena.

Maite Agirrek nabarmendu du Bergarako Udalarentzat plazer bat dela "Bergaran eta bergararrek egindako beste musikal bat aurkeztea. Alizia mundu miragarri batean bizi da, baina herri honek daukan artista senak ere miragarri egiten du Bergara. Horregatik, Udala beti alboan izango duzue, orain bezala, halako ekimenek egiten dutelako herri hau aberats". Hala, Agirrek azpimarratu du emanaldiaren bi egunak bereziak izango direla bergararrentzat eta bisitarientzat.

Edurne Korta teknikariak ere azpimarratu du Udalak apustua egin duela herri guztia Aliziaz jabetzeko. Hala, azaroaren 11n eta 12an, lehenengoan Irala kalean eta bigarrenean plazan makillaje eta eskulan tailerrak izango dira herria ikuskizunaren gaiarekin girotzeko; eta, horrez gain, Xake elkarteari esker xake bizidun erraldoi bat ere eratuko da. Ekintza horiek 11:30etik 13:30era izango dira. Eta eguraldi txarra balego, Seminarioko karpara pasatuko lirateke. Horrez gain, 11:30ean, herriari bisita gidatua egingo da Laboratoriumetik abiatuta. Girotze horrekin lotuta, herriko hainbat saltokik dendak motibo honekin apainduko dituzte; eta tabernariei deia egin diete egun horietan pintxo bereziak sortzeko.

Musikalari dagokionez, Marije Ugaldek azaldu du Aliziaren istorioa Bergarara ekarri nahi izan dutela, Bergarak historia eta zientzia ibilbide handia duelako eta jatorrizko istorioarekin lotura zenbait dituelako. "Musikal eta ekimen honek balio behar du, baita ere, Bergara gehiago ezagutzera emateko. Horregatik, animatu nahi dugu jendea Bergarara egunpasa etortzeko".

Familia guztiari zuzendutako ikuskizun honetan ia 100 pertsonek lan egiten dute musikal honetan, zuzenean abestuko dute, jakina, eta Bergarako Orkestraz gain, dantzariak ere izango dira. "Aurreko musikalak bezala Broadwayko ildoa izango badu ere, berrikuntza asko izango dira aurreratu ezin ditudanak", adierazi du Ugaldek. Aliziaren jatorrizko istorioan elementu berri gehiago txertatu ditugu; bullynga dela, interneteko jokoak sortarazi ditzakeen arazoak... eta ikuskizunean interakzio handia izango da pantallarekin".

Sarrerei dagokionez, oraindik ez dira agortu eta jendeari gogoratu diote ticket.kutxabank.es webgunean eskuragarri daudela.