Gaur egun, hezkuntza euskaraz izanik, euskararen ezagutza bermatuta dago; aldiz, euskararen erabileraren egoera jakiteko, bi urtetik behin kale neurketak egiten dira. Azkenekoa iazko udazkenean egin zen eta jasotako datuek erakutsi dute ezagutzaren eta erabileraren arteko aldia handia dela Euskal Herrian orokorrean.

Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak Euskaraldia egitasmoa berria aurkeztu dute, eta horren barruan 2018an aurrera eramango den ’11 egun euskaraz ekimena’. Egitasmoaren helburua da hizkuntza ohiturak aldatzea, egunerokotasunean ditugun gaztelaniako ohituretatik atera eta euskararen erabilera handitzea.

Euskararen erabilera sustatu nahi da, eta horretarako gizartea aktibatzea: euskaraz hitz egiteko gai direnak, euskaraz ulertzen dutenak… Era berean, bultzatzaileek eurek (Topagunea eta Jaurlaritza) praktikan irudikatzen duten bezala erakunde publiko, gizarte eragile eta herritarren elkarlana bultzatu nahi da.

Guztion artean inertziak apurtu nahi dira eta euskararentzat espazio gehiago irabazi.

Erronka Euskal Herri osokoa da, baina herri bakoitzean ere gauzatuko da dinamika, eta horretan protagonismo osoa izango du Udalak, Jardunek eta bestelako eragile eta herritarrek, guztiok.

Hain zuzen ere, Udalak eta Jardunek gonbidapena luzatzen dizuete eragile eta herritar guztioi ekimen honetan parte hartzeko. Bi rol bereizi dira: euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen AhoBizi eta agian hitz egin ez baina euskaraz ulertzen duen BelarriPrest.

Herritarrona, erakundeena… bergararrona da orain erronka. Gai izango gara 2018an Bergaran ahalik eta jende gehien 11 egunez euskaraz aritzeko? Guk baietz uste dugu!

Ekimen hau zuei guztioi aurrez aurre aurkezteko eta atxikimenduak batzen hasteko bi ekitaldi antolatu dira epe laburrean. Batetik, bihar, osteguna, pintxo-tertulia egingo da Irizar jauregian 19:00etan. Interesa duena jarri dadila harremanetan Udaleko Euskara Zerbitzuarekin edo Jardunekin. Pintxo-tertuliaren helburuetako bat da gizartearen aktibazioa nola egingo den zehazteko arlo ezberdinetan garatuko diren dinamikak adostea: hezkuntzan, kirolean, kulturan, lan munduan…, aktibazioa.

Horrez gain, igandean, abenduak 3, jendaurreko aurkezpen-ekitaldia egingo da Irala kalean. 12:00etatik aurrera umeendako jolasak izango dira; 12:30ean ekimena azalduko da ekimen honetako rol-ei buruzko sketxekin, ekitaldi sinboliko batekin eta salda eta txorizoarekin herritarrekin partekatuko dira asmoak eta erronka. Ordu erdiko ekitaldi xume eta parte-hartzailea izango da.

Hurbildu zaitezte! Herritar guztiei irekita dago! Eguraldi txarra badago, karpa izango da prest!

Aldatu ditzagun ohiturak, apurtu ditzagun inertziak eta, guztion artean, euskarari behar den lekua egin diezaiogun!

Departamento: