Apirilaren 21ean izango da 'Artxipielagoa' ikuskizuna udal pilotalekuan. Diziplina askotariko puntako artistak igoko dira agertoki gainera; eta horien artean 15 bat bergarar.

Artxipielagoa' ezohiko ikuskizun berritzailea da, diziplina desberdinetan goi mailan aritzen diren artista oso ezagunek osatutakoa: Ainhoa Garmendia sopranoa, Andoni Egaña bertsolaria, Pello Ramirez txelo eta eskusoinujolea, Garikoitz Mendizabal txistularia eta German Ormazabal pianojolea. Bakoitzak bere irlan trebatuta, guztien artean artxipielagoa osatzen dute Egañaren aburuz.

Ikuskizun honetan atzoko eta gaurko euskal abestiak modu berritzaile eta parte-hartzailean plazaratzen dituzte, publikoaren parte-hartzea erakarriz.

Bergarako dantzariak

Esan bezala, hainbat bergarar igoko dira ikuskizunean agertokira: Edu Muruamendiaraz eta Eli Alberdik osatutako bikoteak fandango bat dantzatuko du. Eta horren ostean, Bergarako Musika Eskolako Dantza Taldeko 13 gaztek arin-arin bat dantzatuko dute. Azken talde hau, 13-14 urte arteko neskek osatuko dute.

Neska hauen irakasle Eneko Galdosek kontatu digu 'Artxipielagoa' ikuskizunean ohikoa dutela herriko dantzariei gonbidapena egitea. Hala, Bergarako Musika Eskolarekin harremanetan jarri ziren eta bertan talde hau aukeratzea erabaki zuten. "Gaztetxoek oso pozik hartu dute gonbidapena. Egin ditugu entseguak hemen, Musika Eskolan; eta egunean bertan 'Artxipielagoa'-ko taldearekin egingo ditugu udal pilotalekuan. Gaztetxoak ilusio handiarekin daude; edozein dantzarirako Bergarako udal frontoian dantza egitea oso ilusionagarria da; eta are gehiago halako artistekin", kontatu digu Eneko Galdosek.

Edu Muruamendiarazekin ere gauza antzekoa gertatu da. 'Artxipielagoa' ikuskizuneko musikari Garikoitz Mendizabal harremanetan jarri zen Edu Muruamendiarazekin, aurretik ezagutzen zuena, bera bergararra dela jakinda ikuskizunean parte hartzera gonbidatuz.

Sarrerak eskuragarri daude ticket.kutxabank.es plataforman eta Seminarixoko txarteldegian.

Departamento: