Gaur, asteazkena, aurkeztu da Bergararen 750. urteurrenaren bizkar-hezurra: urte bukaera arte egingo diren ekintza gehienak eta parte hartzen dabiltzan herriko eragile talde anitza; horren erakusle izan da bertan batutako argazki zabala.

Astebururako helduko da Bergarako buzoi guztietara urteurrenera begira prestatutako aldizkaria eta urte bukaera arteko programa. bergara_750afbaja_1.pdf

Aurkezpenean hitza hartu dute Elena Lete alkateak; 750. urteurrena Bergara kanpoan ezagutzera emateko proposamena egin zuen Gotzon Arzelusek; urteurrenaren Mahai Historiko-Zientifikoko kide Miguel Angel Elkoroberezibarrek; eta urteurrenean lanean dabiltzan herriko musika diziplina desberdinetako taldeak ordezkatu dituen Marije Ugaldek.

Geldiunea egin iraganetik ikasi eta aurrera egiteko

Elena Lete: Azkarregi bizi gara, abiaduran, eta noizbehinka atzera begiratu beharra dago, nor garen, nolakoak garen eta norantz jo nahi dugun hausnartzeko. Oraingoa halako unea da: aurten 750 urte bete dira Bergarak hiri gutuna jaso zuenetik. Historia luzea dugu atzetik, gure arbasoek lan eta lorpen handiak egin dituzte; eta horrek guztiak garena, gure izaera, zizelkatu du.

Herriko adituen laguntzaz gure historiako pasadizoak eta lorpenak belaunaldi gazteagoei helaraziko dizkiegu, haiek herria eraikitzen jarrai dezaten. Balioko digu gurean dauden eta egunerokoan arreta ematen ez diegun hainbeste altxor balioan jartzeko, gure bidelagunak direnei merezitako keinua egiteko, gure balioak berraztertzeko, alor guztietako sormena hauspotzeko, berdintasunean ekiten jarraitzeko eta Bergara hobe bat bermatzeko.

Izan ere, urteurrena gailu berezia dugu herria batzeko, elkarlana sustatzeko, nolako Bergara nahi dugun guztion artean asmatzeko, ezagutzen ez gaituztenoi Bergara erakusteko eta, bide batez, bergarar izaera harrotasunez aldarrikatzeko.

VerBergara, ezagutu gaitzaten

Gotzon Arzelusek gogora ekarri du 2011n laneko bidai batean Hegoamerikan Vergara abizena zuen pertsona bat ezagutu zuela. Arzelusen jatorriarekin hunkitu eta harremana sortu zen bien artean. Pertsona hark esandako "No quiero morir sin ver Bergara" zizelkatuta gelditu zitzaion Arzelusei; eta gerora urteurrena betetzera zihoala jakin zuenean Udalera jo zuen Bergara ezagutzera emateko proposamena eginez.

Hala, VerBergara ekimenaren bitartez, Bergara edo Vergara abizena dutenekin eta baita ere gure herriarekin loturaren bat izan dutenekin komunitatea sortu nahi da. Ikus gaitzatela, ezagutu gaitzatela, bisita gaitzatela! Eta horretan Bergarako hainbat gazte ari dira lanean. VerBergara marka baliatuta, Instagram, Facebook eta Linkdn kontuak sortu dituzte; eta munduan zehar Bergararen berri ematen dihardute.

Asko dugu ikertzeko eta ikasteko

Miguel Angel Elkoroberezibarrek Halako urtemuga esanguratsu baten aurrean, Udalak gonbidatuta, Bergarako historia ezagutzea atsegin dugun hainbat herritarrok Mahai Historiko Zientifikoa eratu genuen 2017ko udazkenean. Pentsaera eta ibilbide desberdinetako kideok, talde-lanean, gure herriaren historiaren ildo eta mugarri nagusienak identifikatzen ahalegindu gara, Historiaurretik XX. mendeko azken laurdenera arte, Bergarako historiaren bizkarrezurra agerian utziz. Lan horren emaitza 'Bergarako historiari buruzko sintesi laburra' izan da, Eusko Ikaskuntzako Lourdes Odriozola historialariarekin elkarlanean burututakoa. Berau eskuragarri dago musu-truk Udal Artxiboan eta Liburutegian.

Sintesi horretan oinarrituta, herri honek duen historia luzearen pasarte batzuk gogoratuko dituzte uztailean martxan jarriko diren erakusketek eta udazkenerako diseinatu den hitzaldi sortak, bide batez herri izatearen inguruan hausnarketa eraginez. Gero aurkeztuko diguten ikuskizunak ere sintesi hori izan du iturri.

Zalantzarik gabe, batzar, argitalpen, erakusketa eta hitzaldi hauek gure herria hobeto ezagutzeko eta ikertzen segitzeko aukera ezin hobea eskaintzen digute. Badugu zer ikasi eta zer erakutsi!

Kultura talde ugari

Marije Ugaldek nabarmendu du halako efemeride baten aurrean Valen Moñuxek, Udalak eskatuta, ikuskizun erraldoi bat diseinatu duela eta herriko musika elkarte gehienok murgilduta daudela 750. urteurreneko ikuskizun berezi horren prestakuntzan.

Lan handia izaten ari da, baina oso-oso ilusionagarria. Ordu eta erdiko ikuskizun errepikaezinean Bergarako arteak eman duen guzti hori gogora ekarriko dugu, punta-puntako musikaz disfrutatu egingo dugu eta gure herriaz, izan garenaz eta garenaz, gehiago ikasiko dugu. Ez ezazue ikuskizun hau galdu! Hunkigarria izango da!

Departamento: