Ostegunean, uztailak 12, Bergarako Bandak omenaldi berezia izango du Iruñean, San Ferminen baitan.

Kontua da Iruñako Banda Munizipalak, 'La Pamplonesa'-k, 2019an 100 urte beteko dituela; eta Banda horren arduradunen esanetan bere sorkuntzan zeresan handia izan zuten Bergarako Bandak eta beste 11 bandak. Hain zuzen ere, 1918an Iruñako Banda Munizipala sortu nahi zutenek banden lehiaketa bat antolatu zuten urte hartan, 'Gran Concurso de Bandas Civiles de Pamplona' izenarekin. 12 bandak parte hartu zuten: Gernika, Portugalete, Galdakao, Irun, Errenteria, Tolosa, Elizondo, Zangotza, Elizondo, Citruenigo, Santesteban eta Bergara. Lehiaketa horri esker, urtebetera, 1919an Iruñako Banda Munizipala, 'La Pamplonesa' jaio zen.

Hainbat kategoria zeuden eta Bergarako Bandak (orduan Munizipala zena) lehen kategorian hartu zuen parte. Bada, bi sari jaso zituen: 1º Premio en Ejecución eta 2º Premio en Bandas de Honor de 1º categoría. Bergararrek interpretatu zituzten piezak honako hauek izan ziren: 'Suite en La', Julio Gomez-ena, lehiaketak derrigortuta; eta Tchaikovskyren 'Obertura 1812' beraiek aukeratuta.

Iruñako Bandako arduradunek Bergarako Bandaren eta beste 11 bandaren arduradunengana jo dute, 100. urteurreneko ekintzetan parte hartzera gonbidatzeko. Eta harrituta gelditu dira jakin dutenean orain dela 100 urte Iruñako lehiaketa hartan parte hartu eta bi sari irabazi zituen Bandako zuzendariaren biloba gaur egungo zuzendaria dela jakitean. Garai hartan Ignazio González Escala zen zuzendaria; horri lekukoa haren seme Miguel González Bastidak hartu zion; eta ondoren gaur egun zuzendari diharduen Alfredo González Chirlaque. Are gehiago, aipatzekoa da Alfredoren alaba Patriziak Bandan musikari gisa diharduela.

Alfredok gogoan dauka, bere aitonak ahalik eta leku gehienetan kontzertuak egin eta lehiaketetan parte hartzeko apustua egin zuela; gainera, horietako askotan sari garrantzitsuak eskuratu zituen Bandak. Bergarako Banda 1832an jaio zen, eta Euskal Herriko beteranoenetakoa da.

Alfredoren alaba Patrizia Gonzálezek ere oso modu berezian bizi du Bandaren historia luze eta emankorra. "Niretzat ohore bat da halako ibilbidea duen Bandaren eta familiaren parte izatea. Nik modu desberdinean bizi dut Bandan jotzea, niretzat esanahi handia dauka", azaldu du.

"Niretzat oso berezia izan zen Bandan parte hartu nuen lehen kontzertuan aitona zuzendaria izatea, 80 urte zituela. Oso-oso berezia izan zen. Berez liluratuta nauka Bandaren historiak. Eta horrek indarra eman behar digu gaur egungo kideok ere Banda luzaroan osasuntsu mantentzeko".

Hainbat ekitaldi

Ostegun honetan, uztailak 12, orain dela 100 urte parte hartu zuten12 bandatako ordezkariak gonbidatuta daude hainbat ekintzetara: 11:00etan 'La Pamplonesa' Bandari buruz idatzi duten liburuaren aurkezpena izango da; 12:00etan Udaletxean harrera egingo dute; 14:00etan bazkaria dute peña batean; eta, azkenik, 17:30ean, Desfile de las Mulillas delakoan omenalditxo bat egingo diete.

Azkenik, 2019ko ekainean Iruñako Bandaren mendeurrenera ere gonbidatuta dago Bergarako Banda. Ekintza ugari izango dira orduan.

"Iruñarrak oso eskertuta daude orain dela 100 urte eredu izan ginen Banda haiekin; eta gu ere eskertuta gutaz oroitzen direlako. Guretzat plazer bat da hor izatea", azpimarratu du Alfredo Gonzálezek.

Departamento: