Gaur, asteartea, egin zaie harrera Wiesbadenetik (Alemania) Bergarara etorri diren 12 gazteri. Erasmus+ programaren bitartez, Bergaran eta inguruetan izango ditugu astebetez.

15 eta 18 urte bitarteko 12 gazteak eta bi begirale atzo, astelehena, heldu ziren Euskal Herrira eta gaur egin die harrera ofiziala Elena Lete alkateak.

Egun hauetan Orioko eta Zarauzko aterpetxeetan hartuko dute ostatua, eta handik hainbat ekintza izango dituzte Bergaran eta Donostian. Bergaran, Candem Town-ekoekin dantza tailerra egingo dute, eta Beart elkartekoekin argiekin jolasteko tailerra. Horrez gain, Donostia ere ezagutuko dute eta Tabakaleran sorkuntza tailerra egingo dute.

Wiesbadeneko gazteen etorrera elkartruke europear honen bigarren zatia da. Izan ere, irailaren 3tik 9ra Bergarako 12 gazte eta 2 monitore izan ziren Alemaniako hiri honetan.

Honakoa bigarren aldia da Bergarako Udalak Erasmus+ elkartrukea egiteko eskaera luzatu eta gauzatzen duena.

Gazteek ilusio handiz bizi dute atzerria eta beste herrialde batzuetako gazteak ezagutzeko zein ingelesa praktikatzeko esperientzia hau.

Departamento: