Bergara herri aktiboa eta bizia da, baina hori areagotu nahi da eta horretarako lanean dihardu Udalak. Kirolean eta kirolarekin eragiten ere aitzindaria da Bergara, eta orain hainbat erakunderekin elkarlanean Mugiment programaren baitan ‘Gelditzeke’ izeneko Kirol Orientabide Zerbitzua are eta gehiago osatu du.

Gauza jakina da kirolak osasunean onerako eragiten duela, eta ez hori bakarrik, sozializatzeko ere erreminta oso aproposa dela kirola. Hala, Osasun zerbitzu publikotik zein Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik deribatuta eta herritarrek beren kabuz aukera izango dute zer kirol, zelan eta zeinekin praktikatu aholkua eta jarraipena jasotzeko.

Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Osasun Saileko eta Bergarako Udaleko ordezkariak batu dira prentsaurrekoan: Mugiment ekimeneko Malen Ruiz de Azua, Osasun Publikoko Arantxa Uranga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko Iñaki Iturrioz, Debagoeneko ESIko Ana Bustindui, Udaleko Kirol Zerbitzuko Ion Larrañaga eta Bergarako alkate Elena Lete. Guztien artean elkarlanean jarri dute martxan dagoeneko geldiezina den ‘Gelditzeke’ Kirol Orientazio Zerbitzua.

Bergarako Udalaren kirol arloko 2018-2021 Plan Estrategikoak herritar aktiboen kopurua handitzea du zutabetzat eta ahalegin honetan Bergararrei erraztasuna eskaini nahi die. Bestalde, Udala konbentzituta dago kirola integrazio tresna zoragarria dela, herritar guztiek aukera baitute doan ematen den Kirol Orientabide Zerbitzua (KOZ) erabiltzeko, jarduera fisikoaren inguruko aholkua eta orientazioa emanda, bizitza-estilo aktibo eta osasungarria bultzatzeko helburuarekin.

Horretarako, Jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan Lizentziatua den aditu batek herrian diren baliabide eta aukera desberdinei buruzko informazioa eta orientabideak emango ditu, pertsona bakoitzaren egoera fisikoa, beharrak, baliabideak eta lehentasunak kontuan hartuta.

Debagoieneko ESI eta Bergarako osasun zentroarekin elkarlana

Orain arte zerbitzu honen erabiltzaile gehienak bere kabuz etorritako herritarrak izan dira, baina datorren astetik aurrera gure herriko Osasun zentrotik eta Debagoieneko Ospitaletik ere bideratuko dituzte erabiltzaileak “Gelditzeke” zerbitzura.

Halaber, Udaleko gizarte zerbitzuetatik hasi dira 'Gelditzeke' zerbitzura erabiltzaileak bideratzen. Hau da, zerbitzu honen beharra izan dezaketen pertsonak identifikatuta izanda, gure herriak jarduera fisikoaren inguruan eskaintzen duena ezagutzera ematea izango da zerbitzuaren xedea.

Kirola, gizarteratzeko giltza

Horrez gain, Udaleko Gizarte Zerbitzuak ere hasi dira programa honetara esparru sozial mugatua duten pertsonak bideratzen, kirolaren bidez herrian harremanak indartu ditzaten.

Behin pertsona zerbitzua erabiltzen hasten denean, prozesu guztia profesional desberdinen gidaritzapean egingo da, eta guztien arteko lan koordinatuaren bitartez, erabiltzaile bakoitzaren jarraipen zehatza egingo da.

Ordutegia: • Asteartea: 15:00-16:00 (Anbulategia) • Asteazkena: 07:30-12:30 (Agorrosin)

Kontaktua: • Ion Larrañaga • Tel.: 943777095 • Email: agorrosin@bergara.eus

Departamento: