Bergarako Mugikortasun Plana egiteko lanean dabil Udala. Etorkizuneko Bergara nola egituratuko den baldintzatuko du nola mugitu nahi duten herritarrek, eta horrek lanketa sakona behar du Udalean eta udalerrian. Pauso oso garrantzitsua da guztiontzat.

Horren bidean, lehenik eta behin Mugikortasun Diagnostikoa egiten dabil Udala bi plano desberdinetan: batetik, Leber enpresa kontratatu du herriko mugikortasunaren diagnostiko teknikoa egiteko; eta bestetik, Prometea izeneko enpresaren laguntzarekin, herriko eragile eta herritarren iritzia jasotzeko prozedura jarri da martxan.

Ezinbestekoa da herritarren premiak eta nahiak jasotzea; horregatik, garrantzia handia ematen dio prozedura honi. Lehen pausoa izan zen Bergarako 1.500 etxetara herritarren desplazamendu ohiturekin lotutako galdetegiak bidaltzea. Dagoeneko 250etik gora jaso ditu, eta epea oraindik zabalik dago. Horrekin batera, herriko eragileak eta nahi duten herritar guztiak gonbidatu ditu datorren asteartean, otsailak 26, Udaleko pleno aretoan 18:00etan egingo den saio irekira. Prometea enpresako teknikariek bideratuta ezagutu nahi da herritarrek mugikortasuna nola bizi duten oinez, bizikletan, auto gidari, garraio publikoaren erabiltzaile gisa zein herriko jarduera sozioekonomikoaren ikuspuntutik.

Gerora, bertan jasotako ekarpenei diagnostiko teknikoa txertatuko zaie; eta biak batuta berriro herritarrekin eta eragileekin kontraste batzar irekia deituko da.

Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu parte hartzera, bertan jasotakoarekin zerrendatuko direlako Mugikortasun Plana marrazteko oinarri nagusiak.

Mugikortasun Diagnostikoa lantzeko Udala bi iturri nagusi ari da izaten kontuan: diagnostiko teknikoa deritzona; eta herritarrek eta herriko eragileek egindako ekarpenak.

Diagnostiko teknikoari dagokionez, oraindik lantze prozesuan dago, baina batez ere honako puntuak aztertzen dabiltza:

-Bergarako bidaien zenbaketa (erakarritakoak, kanpokoak, barnekoak).

-Laneko mugikortasunaren analisia.

-Bergarako lan eskaintzaren bilakaera.

-Herriko biztanleen piramidea, adin eta generotan banatuta.

-Garraio publikoaren azterketa (Lurraldebus eta Herribuseko datuak).

-Udalerriko lau eremu nagusitan jasotako zirkulazio mugimendua.

-Istripuak eman diren gune esanguratsuenak.

Diagnostiko teknikoa bukatu ahala, beste bilera batera deituko zaie herritar eta eragileei eta ondorio teknikoen deskargoa egingo da, behin behineko oinarriak zehazteko asmotan.

Bide batez, gogoratzea oraindik etxean jasotako galdetegiak betetzeko epea dagoela; eta horiek ere jasotzea guztiontzat garrantzitsua dela. Galdetegia betetzen dutenen artean Bergarako negozioetan gastatzeko 150 euroko bi bono zozketatuko dira.

Besterik ez; gonbidatzea herritar guztiak asteartean 18:00etan pleno aretoan egingo den bilera irekira etortzera.

Departamento: