Urtero, San Martzialeko erromeria dela eta herritar asko biltzen da inguru honetan. Zenbaitek espazioaren eta bertako ondare natural eta kulturalaren erabilera ezegokia egin dute, hondatzera ere iritsita. Hori saihesteko zenbait arau onartu ditu Udalak.

Bergarar gehienontzako ezaguna denez, San Martzialeko baseliza inguratzen duten lurrak udalarenak dira, 10 Ha inguruko eremua osatu arte. Horiek guztiak herritar guztion aisialdi erabilerarako irekita daude eta naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute.

Ezaguna denez baita, San Martzialen jai berezia ospatzen da urtero: San Martzialeko erromeria. Bertara, herritar asko hurbiltzen gara egun horretan jaian eta giroan murgiltzeko. Baina, gogoan izan behar dugu, San Martzial ez dela soilik urtean behin erromeria ospatzeko lekua, urte osoan zehar aisialdirako leku publikoa da eta, aldi berean, natura hobetzeko eta babesteko lekua ere bada.

Azken urteetan, 2006 urteaz geroztik, Udala, beste erakunde batzuen laguntzarekin, hainbat lan ari da egiten erabilpen publikoa zein naturaren kontserbazioa hobetzeko San Martzialeko herri lurretan, aisialdirako ekipamendua jarriz eta mantenduz, eta natura hobetzeko landaketak, itxiturak eta abar eginez.

Horrela bada, badago hainbat arrazoi herritarrok eremu hau nola erabili behar dugun arautzeko: ibilgailuak sartu izan dira berdegunean, prestatutako aparkalekutik eta bidetik kanpora, lurra eta landaredia hondatuz; lurra hondatzen eta lekua zatartzen duten suak egin izan dira lurrean; zuhaitzetan iltzeak sartzen dira sarritan, eta sokak lotu, estalki eta beste egitura batzuk zintzilikatzeko, gero bertan utzita zuhaitzak kaltetuz; zuhaitzetako adarrak mozten dira urtero; erromeria egunerako mahaiak jartzeko lurrean plataformak egiten dira, lurzorua izorratuz, lekua zatartuz eta azpiegiturak hondatuz; urtean zehar erabiltzeko Udalak San Martzialen jarrita dituen mahaiak mugitu eta apurtu izan dira etab.

Posible da mahaiak egonkor muntatzea, euriaren aurrean estalkiak muntatzea, janaria prestatzea eta jaia gozatzea ere San Martzialeko zuhaitzak, lurra, hiri-altzariak eta abar. izorratu gabe. Herritar gehienek, hain zuzen, halaxe egiten dute. Azken finean, jaia errespetuz ospatzeko norberak nola jokatuko duen aurreikusi baino ez da egin behar.

San Martzialeko berdegune publikoaren funtzio guztiak betetzen direla bermatzeko, herritar guztien eskubideak errespetatzeko eta berdeguneko zein inguruetako ondasun materialen zein naturalen gaineko kalteak ez errepikatzeko, arau gutxi batzuk errespetatzeko eskatzen du Udalak.

Horiek betetzen direla bermatzeko honako arauok onartu dira