Bergarako Udalak 2017ko abenduaren 18an egindako ohiko bilkuran onartu zuen frankismoaren diktadurak eragindako gizateriaren aurkako krimenekiko justizia eskatzea, baita biktimei dagozkien eskubideak aldarrikatzea ere. Udalak horretarako, Bergaran frankismoaren aurka kereila edo salaketa jartzea nahi duten biktima edo biktimen familiarteko guztiei laguntza materiala eta juridikoa eskaintzea adostu zuen. Biktimen eta/edo biktimen familiartekoen lekukotzak Intxorta 1937 elkarteko kide baten bitartez hartu dira.

Hala, Udalak deialdi zabala egin zuen testigantzak jasotzeko eta asko dira bitarte honetan izandako kontaktuak. Ez da erraza iraganeko gertaera latz hauei buruzko hausnarketa egitea; asko dira pizten diren minak eta ezintasunak. Hala ere, hainbat eta hainbat herritar gerturatu dira ekimenera eta ahalegin handia eginez elkarrizketak gauzatu dituzte. Azkenean guztira 14 lekukotza jaso dira eta lekukotza hauei beraien garrantzia eman nahiko genieke, biktimak eta biktimen familiartekoek esfortzu handia egin dute-eta oroitzapenak berreskuratzeko, nahiz eta beraientzat esperientzia gogorra izan. Beraiena izan da bizipena, beraiena lekukotza eta izan direnengatik eta etorriko direnengatik, guztiongatik, eskatzen da egia, justizia eta erreparazioa.

Ez da Bergara Frankismoko diktadurako biktimekiko egia, justizia, erreparazioa eta gertatutakoa berriz ez gertatzea eskatzen duen udalerri bakarra, eskualdean Elgetak eta Arrasatek ere beraien bidea ireki zuten kereila jarriaz.

Legealdi honetan udalerri gehiagotan ere onartu dira Bergarakoaren antzerako mozioak, eta aste honetan beste udal batzuek ere kereilak jarri dituzte. Oso garrantzitsua da udal guztiek bide hau hartzea, benetan gure herriaren memoria historikoa berreskuratu nahi bada. Memoria historikoa berreskuratzeko Intxorta 1937 elkartearen lana ezinbestekoa izan da prozesu guzti honetan.

Departamento: