Orain dela gutxi hementxe bertan ikusgai dagoen Euskal Herriko historiaren erakusketa aurkeztu genuenean aipatu genuen historia eta ondarea jasotzea ezinbestekoa dela datozen belaunaldiek ere horren berri izan eta presente izan dezaten. Kasu honetan Badihardugu bidelagun ezinhobea da horretarako eta bion artean herritarren, protagonisten, hitzak eta oroitzapenak batu nahi ditugu, euskarak egin duen bidea, bizi izandako zailtasunak eta lorpenak ondo ezagutzeko.

Bergarako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak Bergarako ahozko ondarea biltzeko proiektua abiarazi zuten 2003an. Azken urteetan izandako elkarlanari esker, Bergarako ahozko ondarearen zati handi bat ikusgai dago ahotsak.eus/Bergara webgunean.

Bergarako 165 herritarren grabazioak jasota daude bertan eta hogeigarren mendeko herriko bizitzaren alderdi mordo baten berri ematen dizkigute grabaziook: herria eta azpiegiturak, familia-bizitza, ekonomia, politika, ohiturak, jaiak eta aisia, erlijioa…

Bergarako Ahotsak proiektuan erabilitako metodologia berarekin jarraituta, ildo berri bat jorratu nahi da 2019-2020 epean. Bergarako euskararen historia soziala jasotzea izango da helburua. Eta zehazki, gerraostetik 1980ra bitartean euskarari eutsi eta biziberritzeko egin den lanaren testigantza jaso nahi da. Besteak beste, honako arloetan egin den lana jasoko da:

  • Eskola.
  • Kultura: antzerkia, kantagintza, bertsolaritza.
  • Literatur produkzioa.
  • Euskalduntze-alfabetatzea.
  • UNEDeko Euskal Kultur Departamentuaren hasiera.
  • Zeharkako arloak: mendizaletasuna, dantza…

Horretarako, Badiharduguk, alde batetik, lehendik egindako grabazioak aztertu eta Bergarako euskararen historia soziala osatzeko baliagarriak izan daitezkeen pasarteak identifikatuko ditu eta, bestetik, aipatutako arloetako protagonista edo lekuko berriei grabazio berriak egingo dizkie.

Jasotako material guztia, berriz, ahotsak.eus/Bergara webgunean jasoko da herritarren eskura.

Lana egiteko 2020ko urte amaierara bitarteko epea izango du Badiharduguk eta Udalak lana bideratzeko 8510 euroko laguntza emango dio.

Lanaren helburua euskara sustatzeko egindako lanaren informazioa jasotzea, hori herrian ezagutzera ematea eta egindako lan hori aitortzea da. Oraingo lana, beraz, aurrerago antolatuko diren beste ekintza batzuen oinarria izango da.

Bestalde, orain gerra ostetik 1980rako epea landuko da baina asmoa dago aurrera begira beste epe batzuk ere lantzea, tartean, dokumentazio historikoa ere aztertuaz.

Herritarrei eskatzen zaie gaiaren inguruan egin dezaketen edozein ekarpen egitea. Alde batetik, gaiari buruzko informazioa eman dezaketen pertsonen gaineko informazioa jaso nahi genuke eta, bestetik, herritarrek izan dezaketen edozein dokumentazio.

Edozein ekarpen egin nahi duenak, Udaleko Euskara zerbitzura jo dezake. Telefonoa: 943779129. Eposta: euskara@bergara.eus

Departamento: