Covid19ren eraginez itxita daude Gaztelekuaren ateak, baina bertako hezitzaileek lanean jarraitzen dute. Hala, eguneroko plangintza martxan dute eta etengabeko kontaktuan daude 12 eta 17 urte bitarteko erabiltzaileekin modu birtualean.

Hain zuzen ere, ‘Hezitzaile birtuala’ figura sortu dute gaztetxoekin duten harremana ez eteteko eta hauei entretenitzeko aukerak eskaintzeko. Whattsapp, Skype, bideo dei zein Instagram-en bitartez daude hauekin kontaktuan, eta aktibitate mardula dute egunero.

Joan den astean 15 galderaz osatutako lehiaketa jarri zuten martxan, eta 100 gaztetxo inguruk hartu dute parte. Era berean, gazteak gonbidatu zituzten hainbat erronka egitera: beraien trebetasunak erakusteko bideoak egitera, ‘Nahiago dut’ jokoan parte hartzera, Euskal taldeen jokora, Komuneko papelarekin tokeak ematera, Gipuzkoako herrien asmakizunera, Bergarako txokoak asmatzera, euskal kantuak identifikatzera…

Partehartzea oso ona izan da, eta erronken bi irabaleek bozgorailu bana jaso dute.

Horrez gain, nahi duten erabiltzaileek hezitzaileekin elkarrizketak izan ohi dituzte aipatutako sare sozialen bitartez.

Instagram-eko Bergarakogaztelekua kontuan jaso dezakezu informazio gehiago. Adi, datozen egunetako ekintzei!

Departamento: