Alarma egoerak irauten duen bitartean Bergarako Udalak ez du antolatuko jai edo kultura ekitaldirik modu presentzialean. Era berean, herritarron osasuna bermatzeko, Pazkoetan eta San Antonioko jaietan jokatutako bezala, Udalak ez du jairik ospatuko eta ez du halakoetarako baliabiderik jarriko datozen asteetan. Hala, San Juanetarako ere irizpide bera izango du Udalak.

Horrekin lotuta, aurten San Martzialak ez dira ospatuko, bizi dugun osasun-krisi egoera honetan ez delako bideragarri ikusten halako jende pilaketa eta jai mota uztartuko lituzkeen egitaraua formulatu ahal izatea.

Hortik aurrera, egoera aldatzen joango balitz, Udalak erabakiko luke gainontzeko ospakizunen aurrean zer irizpide berri hartu.

Kultura ekitaldiei dagokionez, aldiz, Udala badabil udako eskaintza prestatzen. Covid19aren ondorioei aurre egiteko prestatzen ari den plan integralaren barruan, kultura berriz kalean gozatu ahal izateko baliabideak jarriko dira. Aurreikusita dago uztailean eta abuztuan hainbat kale ikuskizun, kontzertu eta aire libreko zine emanaldiak izatea. Emanaldi horietan segurtasuna eta distantziak bermatu beharko dira. Programa hori erabat osatu ahala, emango da jakitera bere osotasunean.

Gainontzean, alarma egoera bukatzearekin bat, Udalaren asmoa da Seminarixoko emanaldietarako txarteldegian bertan erositako sarreren itzulketa egitea. Interneteko plataformaren bidez erosi zituztenek dagoeneko eskuratu zuten sarreren dirua, eta ekaina bukatu aurretik gainontzekoei itzuliko zaie.

Ondorengo egunetan irekiko da Seminarixoko txarteldegia sarreren dirua itzultzeko:

-Ekainaren 22an eta 23an, 10:00-12:30.

-Ekainaren 24an, 18:00-22:00.

Honako emanaldietarako sarrerak itzuliko dira:

-‘Yo nunca’. 8 euroko sarrera.

-Xabi Solano. 8 euroko sarrera.

-Zinea. ‘El escándalo’. 2020/03/15. 5 euroko sarrera.

-Zinea. ‘El escándalo’. 2020/03/16. 4 euroko sarrera.

-Zinea. ‘Las aventuras del Dr. Dolitle’. 2020/03/15. 4 euroko sarrera.

-Zinekluba. ‘Ez eskerrik asko’. 3 euroko sarrera.

Departamento: