Urtarrilaren 15ean, larunbatarekin estreinatuko da Seminarixoan Oier Zuñiga nafarrak zuzendutako ‘Eresia. Lurra arin bekizu, ama’ antzerkia eta dantza uztartzen dituen lana. 20:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak on-line seminarixoa.eus webgunean eta Seminarixoko leihatilan ostegunean 18:00etatik 20:00etara edo saioa hasi baino ordubete lehenago eskuratu daitezke.

Udalbiltzak sustatu eta antolatutako Geuretik Sortuak euskal kultur proiektuak emandako fruituak ezagutzeko unea iritsi da. Urtarriletik aurrera, proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki konpainiek euren obren emanaldiak egingo dituzte Euskal Herriko 27 herritan.Bost dira Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki obrak, horietako bat da Bergarako, Antzuolako eta Elgetako Udalek lagundu dutena: ERESIA.

Oier Zuñigarekin batera, Eneko Gil dantzariak eta Belen Cruz aktoreak osatutu dute Eresia. Lurra arin bekizu, ama obra. Hirukoteak Bergara, Elgeta eta Antzuola izan ditu harrera-herri. Bergaran estreinatu eta otsaila hasieran antzeztuko dute Elgetan eta Antzuolan.

ERESIA ikuskizunak, doluari espazio sinboliko-estetikoa eskaini nahi dio eremu publiko eta komunitarioan. Herrian bertan heriotzak dakarren minaz era publikoan eta kolektiboan hausnartzeko parada eskainiz. Prozesu emozional eta sozial konplexua izanik, berau osatu eta baretzeko molde bezain beste pertsona daude noski, proiektu honek molde bat eskainiko du. Dolua arintzeko asmoz, arte praktiken bidez, nahi bezain besteko dispositiboak aktibatzeko aldarria da ere. Halako egoeretan bizitakoaren errepresentazioa baino, dolua osatzeko ibilbidea esperientzia multifuntzionaletan garatzeko praktika izan nahi du. Galdu dugun senideak utzitako hutsunea berrosatzeko, errituek bete dezaketen lekuari so eginez, hauek berrasmatu eta era askotara bizitzeko gonbita da.

 

Departamento: