Bergaran, Azpeitian eta Azkoitian egingo da, ohi bezala, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa. 23. edizioa izango da aurtengoa. “Errotuta dagoen ekimena”, Ainhoa Lete alkate ordearen hitzetan.

Urriaren 7an hasi eta 29ra bitartean, hamar kontzertu izango dira Bergarako Santa Marina parrokian, Azpeitiko Loiolako basilikan eta Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian; emanaldi guztiak doan eta 20:00etan.

Bergarako emanaldiak urriaren 8an, 15ean, 22an eta 29an; zapatuak, 20:00etan. Nazioarteko organistez gain bertakoak ere arituko dira. Bergarako Aitor Olea, Alize Mendizabal, Monica Melcova eta Ignacio Arakistain. Bergarako lau kontzertuez gain hiruna egingo dira Azpeitian eta Azkoitian.

Ekimenaren aurkezpena egin zuten asteazkenean Bergarako Santa Marina Parrokian hiru herrietako eta Fray Joseph Echevarria elkarteko kideek.

Hainbat gauza nabarmendu zituen Letek. Esaterako, jenerazio arteko transmisioa. Urriaren 8ko kontzertuan Musika Eskolako haurrek eta Orfeoi gazteak hartuko dute parte eta Bergarako azken kontzertua organo ikasleek emango dute.

Bestetik, emakume organo-joleen presentzia ere nabarmendu zuen, “Bergaran kontzertua emango duten 4 organo-jole profesionaletatik 2 emakumezkoak izango dira”.

Bestalde, aurtengo Bergarako zikloa ere Bergarako Santa Marina parrokian egingo da. Gogora ekarri nahi dugu San Pedroko Stoltz-Frères organoa eraberritze lanetan dagoela. Frantziara eraman zuten joan den otsailean. Aurreikuspenak betez gero 2024ko ekainerako berriro Bergaran bueltan izatea espero dugu, eta hori horrela balitz 2024ko organo kontzertua San Pedroko parrokian egingo litzateke.

 

*Oharra: etxeetara banatutako urriko agendan kontzertu hauen inguruan jasotzen den informazioa ez da zuzena.

PROGRAMA OSOA

 

Departamento: