Ostiral honetan, azaroaren 11n, hirugarren gaua biziko du Danbaka Musika Lehiaketak Bergarako Seminarixoa aretoan. Hirugarren gau honetan, Oñatiko Aiert, Sukena eta Broken Legacy eta Aramaioko Balarrasa taldeek hartuko dute parte; emanaldiak 21:30ean hasiko dira. Bestalde, chill out gunea Aretxabaletako Cristian Coellok eta Bergarako Olatz Ugartek girotuko dute.

Azaroaren 11n (21:30) kontzertua emango duten taldeen deskribapena:

Oñatiko Aiert bakarlaria: Aiert Alberdi 17 urteko bakarlari oñatiarra gitarra akustiko edo elektriko batekin igoko da Seminarixoko oholtzara. Haren ahots gozoa oinarri hartuta, abesti lasaiak eskainiko ditu.

Oñatiko Sukena taldea: Euskal pop doinuak eskainiko dituzte Sukena taldekoek. Euren erreferenteen artean daude Ken Zazpi, Berri Txarrak, Izaro, Idoia, Maren, Ibil Bedi, Olatz Salvador, Anari eta Nogen taldeak.

Aramaioko Balarrasa taldea: Nagusiki metal doinuak eskainiko badituzte ere, estiloak nahastea eta probatzea gustuko du Balarrasak. Pandemia garaian diskoa atera eta nahi moduan aurkezterik izan ez zutenez, bereziki gogotsu datoz Danbakara.

Oñatiko Broken Legacy taldea: Metalcore doinuak lantzen dituen taldea da Broken Legacy. Aurtengo martxoaren 27an, Ortzimuga izeneko diskoa kaleratu zuten, taldearen bigarrena. Danbakan, doinu gogorrez gain, abesti melodikoak ere eskainiko dituzte.

Chill out gunean, Cristian Coello eta Olatz Ugarte. Coello aretxabaletarraren gitarra fina eta Ugarte bergararraren ahots zaindua oinarri hartuta, modu akustikoan girotuko dute chill out gunea, 21:00etatik 21:20era eta 22:45etik 23:15era.

 

20 talde, bost kontzertu eta finala

Debagoieneko askotariko 20 musika taldek hartuko dute parte. Bost kontzertu dira, guztira. 

Azaroaren 11n izango da hirugarren kontzertua eta gainerako bi kontzertuak honako egun hauetan izango dira: azaroaren 25ean, Ktarsia, Iluminatizz, Erromintxelak eta Etxepe; eta abenduaren 16an, Orhi, Arragoa, Islabat eta Sindy Berbenas. Finala urtarrilaren 13an jokatuko da, epaimahaiak aukeratutako hiru talde onenen artean.

Sarrerak

Kontzertuetarako sarrerak 4 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan, kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita; eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.

Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Goienak kontzertu osoak grabatuko ditu eta ostean emango ditu Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Goienak jarraipen zabala egingo dio lehiaketari.

Sanprubusa eta chill out gunea plazan

Aretoaren kanpoaldean, San Martin plazan, chill out gunea egokituko da. Emanaldiak hasi aurretik (21:00etan) eta atsedenaldian (22:50) musika emanaldiak izango dira. Ostiral honetan, Cristian Coello aretxabaletarra eta Olatz Ugarte bergararra izango dira protagonista chill outean.

San Martin plazan Sanprubusak emango du taberna zerbitzua. Bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dituzte eta taberna txiki bat jarriko dute.

Publikoaren saria

Danbaka Musika Lehiaketak bi sari ditu: Sari Nagusia, disko bat grabatzea. Danbakako epaimahaiak aukeratzen du talde hori, kontzertu guztiak ikusi ostean. Bestetik, Publikoaren Saria, bideoklip baten grabaketa. Publikoak aukeratzen du, www.danbaka.eus webgunean edo Goiena.eus-eko Danbaka kanalean. Botoa emateko epea zabalik dago, urtarrilaren 10era arte.

31 talde aurkeztu dira

31 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren bosgarren edizio honetan. Horietatik 19 epaimahaiak aukeratu ditu. Eta, azkena, 20.a, publikoak, boto bidez. Arrasateko eta Aramaioko 112 taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.200 boto jaso dira.

Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Julen Narbaiza musika-zalea eta, besteak beste, Txibisto aretoko arduradunetako bat izandakoa; Kristina Markina, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia; Iñigo Ugarte, musikari oñatiarra; Nerea Loron La Furia, rap abeslari eta sortzailea; eta Aitor Aldanondo, musikari bergararra.

 

Departamento: