Aberatsa da Bergara kultur sorkuntzan oro har, eta musika arloan zehazki. Musika talde asko daude herrian une honetan, eta Bergarako Udalak herriko musika taldeen disko bat grabatu nahi du. Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberriren esanetan, “talde pila bat daude, mugimendua dago une honetan, eta hori etorkizunerako gorde nahiko genuke”.

Diskoa grabatzeko proposamen honek, “talde hasiberriek estudioa ezagutzea lagunduko du; zelan egiten den lan, esperientzia hartzea... Gainera, aurkezpen modura erabili ahal izango dute grabatutako kantua”, Aranberriren ustez. Lan berriak sortzeko bultzada ematea ere badu helburu ekimenak.

Antolatzen hasi ahal izateko Udalak jakin nahi du zenbat talde egongo liratekeen prest, eta horretarako galdetegia betetzea eskatzen die interesa izan dezaketen musika talde zein bakarlariei, azaroaren 27a, igandea, baino lehen. Galdetegia betez interesa agertzeak ez ditu taldeak lotuko abestia grabatzera, lehen pausu honekin Udalaren asmoa da musikariek duten interesa ezagutzea.

Talde edo bakarlari bakoitzeko kanta bat grabatuko da.

Hauek dira parte hartuko duten taldeek hasiera batean bete beharreko baldintzak (aldaketak egon daitezke ekimena garatzerako orduan):

  1. Grabatuko den abestia originala izan beharko da eta aurretik argitaratu gabea.
  2. Musika taldea gaur egun martxan egon beharko da (kontzertuak ematen edo entseatzen, abestiak egiten…).
  3. Abestien hitzak ez dira izango kolektibo zaurgarri edo norbanakoentzat iraingarriak.
  4. Grabazio estudioak ezarritako baldintzak bete beharko dira: adostutako ordutegiak errespetatu, beharrezko materiala eraman…
  5. Taldeek behar besteko profesionaltasuna eta prestutasuna adierazi beharko dute grabazioa egiteko (abestia ondo prestatuta eraman, taldekideen asistentzia bermatzeko grabazio ordutegietara moldatzen saiatu…).
  6. Gutxienez taldekideen erdiak bergararra izan beharko du.

 

*Argazkia: Bergarako Euskaraldia.

Departamento: