Hirugarren adineko pertsonen artean dagoen zaurgarritasun eta bakardade egoerekin kezkatuta, arlo horretan lanketa egitearen beharra ikusi du Bergarako Udalak. Mariaren Lagundia Ikastolak irakurketa horrekin bat egin, eta bi aldeek erabaki dute gaiari heltzea.

Arlo sozialeko Lanbide Heziketako bi modulu eskaintzen ditu Mariaren Lagundia Ikastolak: gizarte integrazioa eta mendekotasuna. Ziklo horietan matrikulatzen diren ikasleen ezagutza eta ikasteko grina herrira begira jarri nahi dira, izan ere, herriari egin ahal dioten ekarpena oso garrantzitsua dela uste du Udalak.

Proiektuaren bitartez arlo akademikoa komunitateari begira jarriko da, zerbitzu ikaskuntzaren bitartez. Zerbitzu ikaskuntzak arlo akademikoa komunitateari begira jartzen du, komunitateari egindako zerbitzu hau hezkuntzarekin eta autoezagutzarekin integratzen du, esperientzia hezigarria aberasteko, motibazioa sustatzeko, bizitzan gizarte inplikazioa lortzeko, eta komunitateen ongizatea indartzeko.

Aipatutako proiektua gauzatuz ikasleek ikastetxean ikasitakoa errealitatean jarriko dute praktikan, herrian, Bergaran.

Udalak ikastetxearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez gai baten inguruko lanketa egingo da. Aurtengoan adineko pertsonak eta bakardadearen inguruko diagnostikoa egingo da eta proiektu bat martxan jarriko da. Lana egiteko 8.180 euroko diru-laguntza emango dio Udalak Mariaren Lagundia Ikastolari.

Alde biek ilusio handiz hartu dute proiektua. Ikasle eta irakasleen inplikazioa handia da. Bi aldeek espero dute hitzarmen hau etorkizunerako lehen pausua izatea, eta aurrerantzean arlo sozialeko beste proiektu batzuk ere elkarlanean jorratzeko aukera izatea.