“Maddiren trajeria pastorala Bergarara ekartzeko proposamena jaso genuenean ez genuen zalantzarik egin, jasotako proposamenagatik eskertuta, eta bergararrei aukera hau eman ahal izateagatik pozik gaude”, esan du Gorka Artola alkateak pastorala aurkezteko egindako agerraldian. 

Martxoaren 25ean, 17:00etan, udal pilotalekuan taularatuko dute Xareta eskualdeko (Ainhoa, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi) herritarrek Maddiren trajeria pastorala, joan den udazkenean Zugarramurdin eta Saran eskaini ondoren. 

Egun horretan bertan, 12:00etan, desfilea egingo dute herritik barrena pastoraleko kideek. Ibilbidea hau izango da: Pilotalekua, Ibargarai, Irala, Gasparreko bidegurutzetik gora, Barrenkale, San Martin plaza eta Munibe plazan bukatu. 

Pantxika Urruti errejentea eta Kote Agerre arizalea pastoraleko kideak, Kristina Marina Kultura zinegotzia eta Maider Osa Udaleko kultura teknikaria egon dira aurkezpenean Alkatearekin batera. 

Tradizio handia dute Bergaran antzerkiak, musikak, antzerki musikatuak... Bergara Antzerki Musikala da horren adibide, Alkatearen hitzetan. “Arrakasta handia duena, oraingo Bretxa musikala kasu. Herriko jende askok parte hartzen du antzezle lanetan, baina ikaragarria da ikusleen aldetik duen harrera ere”, esan du. 

Bergaran kultura sorkuntza handia eta askotarikoa dela esan du, “eta nahi dugu Euskal Herrian sortzen denak gure herrian lekua izan dezan”, gehitu du. 

Halakoek, gainera, herrien eta herritarren arteko harremanak sortzeko eta sendotzeko ezinbesteko aukera direla azaldu du Artolak. 

Herritarren arteko harremanen inguruan aritu da Kote Agerre ere. Xaretako lau herriak txikiak izanagatik ere, “bakoitzak berera bizi da, eta esperientzia honek elkartu egin gaitu”. 

Pantxika Urrutik pastoralaren nondik norakoak azaltzearekin batera, bereziki nabarmendu nahi izan du haurrak egiten ari diren lana, hartzen ari diren espazioa, egin duten ahalduntzea. 

Larraineko herritarrek 2011. urteko San Martin jaietan, Telesforo Monzon hil zeneko 30. urteurrena ospatzen zela, Monzon Pastorala erakutsi zuten Bergaran, arrakasta handiarekin. “Kultur emanaldiaz harago, giro polita sortu zen, harremanak sortu ziren eta aberasgarria izan zen. Larraineko herritarrekin egin genuen moduan, orain ere, Xareta eskualdekoekin harremanak sendotzeko izango delakoan gaude. Kulturaren bitartez herria egiteko modu bat da hau”, Kristina Markina ustez. 

Sinopsia

Maddi, oreina bilakatu zen neskaren istorioa kontatuko digute Xareta eskualdekoek Maddiren trajeria pastoralean. 

Piarres Lafittek 1965. urtean aurkitu zituen bertso-zahar batzuetan dago oinarrituta istorio hau. Bertso-zahar horien egilea ezezaguna da, baina uste da baxe-nafartarra izan zela. Dena dela, 1985. urtean hil zen Piarres Lafitte, eta beraz, bertso horien aurkikuntzaren zehaztasunen inguruan ez dago informazio gehiago. 

Maddi, oraina bilakatu zen neskaren ipuina, ezaguna da Europa osoan. Uste da XVIII. eta XIX. mendeen artean idatzia izan zela, eta Eskandinaviatik sartu zela Iberiar penintsulan. Baina Euskal Herrian agertu ziren bertsoen jatorriaren inguruan ez dago ezagutza handirik, eta hainbat iritzi daude. 

Maddi neska gaztea orein bilakatu da Pazko arratsean Sorginen Bidean. Hortik aurrera, egunaren argiak irauten duen bitartean piztia izango da, baina ilunabarra iritsitakoan berriro neska bihurtuko da. Maddiren ama ohartu da alaba sorginkeria horretan eroria dela. Egun batez, ama ohartu da etxeko txakurrak falta direla, eta txakurrek Maddi hil dezaketen beldur da ama. Hori dela-eta Jakes semeari esan dio oihanera joateko txakurren bila, eta amari kasu eginik, oihanera abiatu da Jakes. Han etxeko txakurrak aurkituko ditu, alboan oreina jada hilik dutela. Jakesek ehizakia hartuko du, gero etxean afaltzeko, bere arreba dela sumatu gabe. Behin etxean dela, Maddiren ahotsa entzungo du, “afal, afal, Jakes!” esaten diola. Bi anaia arreba horien amak, trajeria ezagutu eta burua ezin altxaturik, bere burua hilko du labana bihotzean iltzaturik. 

Istorio hau Xareta eskualdeak pastoralera eraman zuen 2021. urtean. Era berean, Xareta eskualdeko istorioak ere gehitu zizkioten: kontrabandoa, guardia zibilak, sorgin-ehiza, inkisidoreak, epaileak... 

Haizea taldeak istorio eder hau abesti bihurtu eta diskoan grabatu zuen 1977. urtean, gerora Jean Mixel Bedaxagarrek eta Benito Lertxundik egin zuten bezala. 

Sarrerak

Pastoralerako sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai 15 euroan seminarixoa.eus atarian, Seminarixoko txarteldegian asteazkenetan 18:00etatik 20:00etara, eta aurretik denak saltzen ez badira, egunean bertan 16:00etatik aurrera pilotalekuan. 

Bestetik, pastorala hobe jarraitzeko liburuxkak egunean bertan saltzeaz gain, aurrez Seminarixoko txarteldegian ere egongo dira eskuragarri 5 euroan.

Departamento: