Urte hasieran martxan jarritako Zabalotegiko haur parkeko obrak bukatu ditu Bergarako Udalak, eta, emaitza ikusteko, gune berrira bisita egin dute Udaleko zein Oinherri herri hezitzaileko ordezkariek joan den ostiralean. Izan ere, jolaserako eremu berri hau Bergarako haurrekin elkarlanean diseinatu zen proiektuaren hastapenetan.

Lanek bi atal izan dituzte: alde batetik, Zabalotegiko kioskoa birgaitu eta asfaltatze lanak egin dira 110.788,45 euroko aurrekontuarekin, eta, bestetik, kioskoaren inguruan jolas eremua antolatu da 47.899 euroko aurrekontuarekin.

“Oso pozik gaude emaitzarekin, eta, batez ere, herriko umeekin egindako elkarlanarekin. Proiektu txikiago bat izan behar zena, gunearen birgaitze osatuago bat izaten bukatu du, eta horri esker lehendik ahaztuta zegoen gune hau umeentzako berreskuratu dugu. Askotan esan ohi dugu umeen ikuspuntuak gure egunerokotasunean txertatu behar ditugula, baina nahi baino gutxiagotan eramaten dugu hori praktikara. Proiektu honen bitartez beraien nahiak eta beharrak jasotzen saiatu gara”, adierazi du Maite Usabiaga zinegotziak.

Izan ere, Oinherri herri hezitzaileen sareko kide da Bergara, eta horren filosofiari jarraituta egin da gunearen diseinuaren prozesua. 2020. urtean sortu zen Bergarako herri hezitzailea taldea. Ideia mordoa zutela aipatu dute bertako kideek, eta horiek praktikan jartzeko asmotik abiatu zen haurren parte hartzearekin jolaserako espazio bat egokitzeko prozesua, Zabalotegin gauzatu dena.

Guneak 700 m2 ditu, eta jolas jarraiturako gunea izango da, egur naturalarekin egindako elementuak izango dituena. Haurrek material naturalak ukitu, sentitu eta elkarri eragiteko aukera izango dute, eta hortaz, jolasaren bidez horietaz gozatzeko.

Ekipamendu berriak kioskoko hexagonoaren bi aldeetan kokatutako dorre-modulu bat dauka. Bertan, igoera sare bat, txirrista, tunela, arbela, eskalada pareta, bankua eta soka ahula daude. Era berean, enbor eta sokazko baso bat izango du; hiru aurpegiko rokodromo bertikal bat; txikientzako bentatxo bat eta jolas sinbolikoetarako mahai bat; gurpil aulkientzako arrapala irisgarri bat eta alboetako itxiturak, jolaserako irekiguneekin; eta plataforma inklinatuez eta sokaz osatutako igoera multzo bat. Kioskoaren kanpoaldean, gainera, habia bat jarri da, eta espazio osoan segurtasun zoru bat jarri da.

Horrez gain, bankuak, paperontziak eta alboko horman babes baranda bat jarri dira, bai eta iturri bat ere. Argiztapen sistema berritu egin da, bost luminaria eta sodio lurrunezko lanparen ordez LED teknologiako beste batzuk jarriz, inguruko energia eraginkortasuna eta baldintza luminoteknikoak hobetzeko. Era berean, sei argi gehiago jarri dira parkearen atzeko oinezkoentzako pasealekuan.