Bergaran hizkuntzak ikasten ari direnei beraien ikaskuntza prozesua errazteko tresna bat gehiago eskaintzeko helburuarekin, Bergarako Udalak ‘Hizkuntza Taldeak’ egitasmoa jarri du martxan beste behin. Askotan hizkuntza bat ikasten ari direnek berau praktikatzeko izaten dituzten zailtasunak ekiditea da ekimen honen helburua.

Horretarako, hizkuntza ezberdinetarako mintzalagun taldeak sortuko dira. Taldeetan sartzeko ez da mailaketa probarik egingo, hasiera batean izena ematen duen edozeinek parte hartzeko aukera izango du (hizkuntza maila edozein delarik). Taldeak gehienez 7 lagunez eta gutxienez 4 lagunez osatuta egongo dira.

Izena ematean galdetuko da zein hizkuntza, ordutegi eta egun aukeratzen dituen parte-hartzaileak. Bilera hauek astean behin eta ordubetez izango dira. Taldeak autonomoak izango dira, ez da irakaslerik egongo akatsak zuzentzeko ezta mintzapraktika bideratzeko ere.

Taldeak astero arduradun bat izendatuko du, hurrengo asterako eztabaidarako gai bat hautatu eta taldekideei aurkezteko (egunkariko albiste bat, gai orokor bat…). Honela, arduradun horrek gai horrekin lotutako hiztegi espezifikoa, esamoldeak… landuko ditu taldekideei aurkezpena egin ahal izateko.