Enviado por webmaster en Mar, 2026-10-06 13:02
Duela bi urte ireki zituen ateak Elikaeneak Bergaran, Oxirondo azoka biziberritzeko asmoz. Lehen urteko harrera ona berretsi ondoren, bigarren ikasturte honek proiektua egonkortzen ari dela erakutsi du: sortutako dinamikak finkatu egin dira, Elikaeneako azpiegitura bailarako elikadura sistemaren tresna bihurtu da, eta egindako ibilbideak berak argitu ditu datozen urteetako urratsak eta indartu beharrekoak.
Azoka, ekoizleen ahots eta herritarren topaleku
Azokan antolatzen diren jarduerek herritarren interesa piztu dute. Komunitatea indartzeaz gain, azokako ekoizle eta saltzaileei ahotsa emateko bide baliagarria izaten ari dira, eta beren lana eta ezagutza herritarrengana hurbiltzeko aukera izaten ari da. Datozen hilabeteetako ekintzak hauek izango dira:
● Urriak 14. Sagar kultura hurbiletik ezagutzen. Iturrieta sagardotegitik (Aramaio)
● Urriak 17. Verdury hall festa.
● Urriak 28. Gaztainerre. Gau beltzerako prestatzen
● Azaroak 18. Bertako haragiarekin hanburgesak egiten. Bixainen eskutik.
Azpimarra berezia, Verdury Hall festan, tiketak salgai daude dagoeneko. Egun horretan,
herrian ekitaldi ugari izango dira, eta herritarrak animatzen ditugu erreka auzolanean parte-hartu eta ostean, herri bazkarira etortzera.
Jantokien horniketa: estatu mailan aitortutako proiektua
Elikaeneak jantokien horniketan ere eman du bere fruitua. Horren adibide da estatu mailan aitortza jaso duen proiektua: Jangelak eraldaketaren akuilu debagoienean, datozen urteetan garatuko dena Elikaeneako azpiegitura baliatuta. Ereindajan Bergara kooperatibak gidatuko du, Biolur eta Tokixan elkarteekin eta bailarako eragileekin elkarlanean. Egitasmo honek erakusten du Elikaeneak azokaz haratago egiten duela lana: bertako ekoizpena eta kontsumo publikoa lotzeko gune estrategikoa izan daitekeela.
Ikasturte berriko erronkak
Egindako bidearen balorazioak ikaspenak eta indartu beharreko hainbat ildo ere agerian utzi ditu. Elikaenearen koordinazioari dagokionez, azokako ekosistema eta gobernantza sendotzea eta zerbitzuen eta jardueren berri emateko komunikazioa indartzea izango dira lehentasunak.
Ekoizleekin, ekoizpenaren plangintza hobetzen jarraituko da, elikagaien jarraikortasuna bermatu eta eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen arteko elkarlana sendotzeko. Azpimarratzekoak dira batez ere horniketan emandako bilakaera postiboa eta ekoizle kopuruan eman den igoera. Kontsumitzaileei begira, belaunaldi gazteak erakartzea izango da erronka nagusietako bat, azokan eta elikadura burujabetzan ere beren lekua izan dezaten. Era berean, herritarren artean harrera ona izan duten jarduera praktikoei jarraipena emango zaie..
Elikadura burujabetza ardatz hartuta, Elikaenea herri-proiektu gisa sendotzen ari da, eta bere ibilbideak erakusten du tokiko elikadura sistemak eraikitzea epe luzerako lana dela, elkarlanean eta pausoz pauso egin beharrekoa.

