Hasiera batean Barrabarra.eu plataformaren bitartez numeratuta saltzea aurreikusten bazen ere, plataformak emandako arazo teknikoak direla eta sarrera guztiak "ez numeratuak" kontsieratuko dira.

Otsailaren 9an Bergarako Udal Pilotalekuan egingo diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en bi emanaldietarako sarrerak Barrabarra.eu plataformaren bitartez numeratuta saltzea aurreikusita zegoen bi eratara: batetik, interesdun bakoitzak bere etxetik online erosteko moduan; bestetik, Kultur Etxeko lehiatilan bertan Barrabarra.eu plataforma baliatuta.

Hala ere, otsailaren 4an eta 5ean hainbat arazo tekniko eman ditu Barrabarra.eu plataformak, horregatik, erabiltzaile batzuek sarrerak etxeetatik online erosi ahal izan dituzten bitartean, Kultur Etxeko lehiatilara hurbildutakoek numeratu gabeko sarrera txartelak jaso zituzten. Hori dela eta, sarrerak beren etxeetatik erosi zituztenek ere, ez dute eserleku finkorik izango, nahiz eta beren sarrerek hala zehaztu.

Barrabarra.eu plataformaren kontratazioaz

Herritarren erosotasunaren bila, ekitaldi desberdinetarako sarrerak numeratuta erosteko aukera eskaintzeko eta, honela, takilan sortzen diren ilarak ekiditeko, Bergarako Udalak sarreren salmenta egiteko Barrabarra.eu plataforma kontratatu zuen, Euskal Herrian oso zabalduta dagoena. Otsailaren 4an eta 5ean ordea, Barrabarra.eu-ren sistemak ez zuen ongi funtzionatu eta hainbat arazo eman zituen.

Online plataforma honetako ordezkariek Bergarako Udalari adierazi diotenez "sistema kolapsatu egin zen blokeoa eraginda" eta "ezinezkoa izan zen sarreren erosketa burutzea".

Bergarako Udalak salmenta eguneraren aurretik hainbat froga burutu zituen plataforma honen funtzionamendua egokia zela frogatzeko eta Bergarako udal langileek salmenta mota hau egiteko beharrezko formakuntza jasoa zuten. Hala ere, salmenta egunean bertan, plataformak akatsa eman zuen.

Lehen esperientzia honen emaitza eskasa ikusita, aurrerago nola jokatu baloratuko du Udalak.

Edonola ere, Bergarako Orkestraren Aratusteetako kontzerturako sarrera numeratuen online salmentak aktibo jarraitzen du Barrabarra.eu-n, nahiz eta astelehen eta asteartean arazoak izan ziren ekitaldi honekin ere.