Lanak aurkezteko epea apirilaren 12an bukatuko da eta sarien emate ekitaldia maiatzaren 25ean egingo da Bergarako Udal Pilotalekuan.

Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak kaleratu ditu dagoeneko Koldo Eleizalde literatur lehiaketaren 2013ko edizioan parte hartzeko oinarriak. Urtero bezala, lehiaketan Bergaran jaiotakoek edo bizi direnek zein bertan ikasi edo lan egiten dutenek har dezakete parte bakarka zein taldeka.

Aurtengoan bost generotarako aurkeztu ahalko dira lanak: Ipuin idatzia, bertsoak, komiki-tira, ipuin kontaketa edo antzerkia eta txisteak eta umorezko pasadizoak. Lehengo 3 generoetan lanak paperean aurkeztu beharko dira, ipuin kontaketak, antzerkiak, txisteak eta pasadizoak, berriz, ikus-entzunezko euskarrien bitartez. Kasu guztietan gaia librea da eta lanak originalak eta aurrez saritu gabeak izan beharko dira.

Horrez gain, adinaren arabera, genero bakoitzaren baitan kategoria desberdinak sarituko dira eta kategoria bakoitzean emango diren sariak ere desberdinak izango dira (informazio gehiago eta zehatzagoa jasotzeko kontsultatu atxikitako oinarriak).

Paperean lanak aurkezteko modua

Lanak kartazal handi batean bidali edo entregatu beharko dira Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuan eta kartazalaren kanpoko aldean honako hauek idatziko dira:

  • "Koldo Eleizalde Lehiaketak" izenburua
  • Lanaren generoa: ipuina, komikia...
  • Kategoria: 1. kategoria, 2. kategoria...

Kartazal handian, berriz, honako hauek sartuko dira: Lanaren ale bat eta beste sobre txiki bat, kanpoan egilearen izengoitia eramango duena eta barruan oinarrietan dagoen “Egilearen datuak” atala, beteta.

Entzunezko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkeztu beharreko lanak

Oinarrietan genero bakoitzari buruzko azalpenetan agertzen da lanak nola aurkeztu behar diren.

Koldo Eleizalde sariez

Koldo Eleizalde lehiaketa Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du urtero. 1986. urtean hasi zen Bergarako Udala literatura lehiaketa antolatzen eta 2001n eman zitzaion izen hau euskalari Bergarar ezagunaren omenez.

2010, 2011 eta 2012 saridunen datuak eta lanak helbide honetan daude ikusgai.

2010ean saritutako lanak

2011an saritutako lanak

2012an saritutako lanak