Mikel Mitxelenaren “Jaizkibel, forma eta koloreen sinfonia” argazki erakusketa arratsaldeko 19:00etan inauguratuko da Aroztegi aretoan . “Sustraiak han dituenak” monologoa, berriz, gaueko 22.00etan hasiko da Zabalotegin.

Datorren ostiralean, urtarrilaren 25ean, ekintza desberdinekin gozatzeko aukera izango dugu Bergaran. Hasteko, arratsaldeko 19:00etan Mikel Mitxelenaren “Jaizkibel, forma eta koloreen sinfonia” argazki erakusketaren inaugurazioa egingo da Aroztegi aretoan. Erakusketa otsailaren 10era arte egongo da ikusgai eta bertan Jaizkibeleko amildegietan mundu osoan bakarrak diren haitzen argazkiak ikusi ahalko dira.

Horren ostean, gaueko 22.00etan, Goio Arrietak, 40 urtean musikaz blai ibili ondoren, aurkezten duen “Sustraiak han dituenak” monologoaren txanda izango da. Zabalotegi aretoan egingo den bakarrizketa saioa, pertsonaia eta musikari ezagunen imitazioetan oinarriturik dago eta pertsonaien istorioak kontatu eta kantatu egiten dira.