Bergarako Udalak Angiozarreko auzotarrekin batera prestatutako ekimena da.

Gaur egun, gutxi hitz egiten dugu Herio Andereari buruz gure artean, gure gizartean.

Herioarekin lotutako “ospakizunei” dagokienean gehienok Domu Santu Eguna besterik ez dugu ezagutu... nahiz eta pixkanaka Halloween jaia ere gure ingurura zabaltzen ari den. Azken honekin, gainera, heriotza bera ere ia haur-jolas bihurtuta.

Ez da kontraesan makala! Izan ere, mingarria da maite duguna galtzea... eta beldurra ere ematen digu aipamena bera egiteak ere...

Hala ere, ez hain aspaldi, heriotza bizitzaren osagaia zen Gurean ere. Eta joandakoaren oroimena ez zen oroi-mina, ez hala beharrez. Herioaren inguruan oso erritu zehatzak izan dira euskal gizartean, bai kristautasuna gailendu aurretik, bai ondoren.

Eta Bergaran bertan baditugu horren aztarnak eta, zergatik ez, erritu horietako batzuek bizirik dirautela ere esan dezakegu.

Bisita gidatuak

Erritu horien berri izateko, gure ondarea ezagutzeko, Bergarako Angiozar auzoan bisita gidatuak izango dira Domun Santu eguna datorrela eta. Auzokideek beraiek emango digute euskal ohituron berri, Udalak haiekin batera landutako bisita izango baita: Heriotza Herio Anderea zeneko bisita.

Bisitak azaroaren 1ean eta 3an izango dira Bergarako Angiozar Auzoan. Elizamenditik abiatu eta San Migel elizan bukatuko dira.