Gizarte zerbitzuen departamentuko aurrekontua 2.089.377,23 €koa izan zen iaz.

Bergarako Udaletxeko Gizarte Zerbitzuen departamentuak 2011. urteko jarduna laburbiltzen duen txostena kaleratu du. Bertan, besteak beste, departamentuak eskainitako laguntza eta zerbitzu bakoitzaren azalpena, egindako lan eta eskainitako laguntzen aipamena eta zerbitzuaren azken urteetako bilakaeraren azalpena aurkitu daitezke.

Txostena

Txostenean erakusten denez tramitatutako espediente kopurua igo egin zen 2011an; 2010ean 1743 izan ziren eta iaz 1.844. Hala ere, beste urte batzuetako tendentziarekin alderatuz gero igoera ez da hain altua izan. Sexuari dagokionez, %54. emakumezkoak izan dira eta %46 gizonezkoak, estatukoak izan ziren 71,55%a eta gainontzekoak estatuz kanpokoak.

Bergarako Udaletxeak 2011. urtean gizarte zerbitzuetan inbertitutako diru-kopurua jaitsi egin zen aurreko urtearekin alderatuta. Bi arrazoi nagusi izan dira: batetik Mizpirualde egoitzagatik Udalak egin beharreko ekarpenaren jaitsiera eta bestetik pertsonal gastua jaitsi izana, bai kontratazio mailagatik bai nominetan izandako jaitsieragatik.

Beste erakunde batzuetatik jasotako diru laguntzek ere behera egin zuten 2011an. Horren eragile izan da Jaurlaritza eta INEM-ek egindako ekarpenetan izandako murrizketa: batetik programa desberdinen finantziaziorako Eusko Jaurlaritzak egindako ekarpenaren murrizketak (nabarmenena Gizarte Larrialdien Laguntzetarako emandako diru laguntza) egon dira; eta bestetik INEMeko diru laguntzen desagerpena, izan ere, 2011n INEM erakundea LANBIDEk hartu zuen bere gain.

Foru Aldundiak egindako ekarpenak ere jaitsi egin ziren nahiz eta aurreko urtean baino maila txikiagoan.

Gizarte zerbitzuen departamentuko aurrekontua 2.089.377,23 €koa izan zen guztira, udaletxearen ekarpena 1.213.737,33 €koa izan zen eta beste erakunde batzuetakoa 875.639,9 €koa.

Txosten osoa hemen.