Gipuzkoako Sahararen aldeko elkarteok eta Gipuzkoako Udaletxe ezberdinek bat egin dugu 2016ko Oporrak Bakean programaren baitan, Gipuzkoan uda igaroko duten neska eta mutil sahararrak harreran hartzeko familiak bilatzeko kanpaina. 

Oporrak Bakean programaren baitan 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak bidaiatuko dute, ekainak bukaeratik abuztuak bukaera bitartean.

Haur hauek saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta haztera behartuak izan diren haurrak dira, orain dela 40 urte euren lurraldetik, Mendebaldeko Saharatik, bota bait zituzten, herri sahararren kalterako Espainiako, Marokoko eta Mauritaniako gobernuek egindako hitzarmenaren ondoren.

Herri sahararrak, erbestean, zerotik hasi behar izan zuen eguneroko bizitza antolatzen. Oinarrizko beharrei aurre egiteko kanpo laguntza behar-beharrezkoa izan zutelarik eta gaur egun ere, behar dutelarik.

Haurren heriotz tasa oso handia zela ikusita, Oporrak bakean programa sortu zuten. Urtean gutxienez 2 hilabetez, sahararrak iritsi aurretik inoiz inor bizi izan ez zen desertutik atera, ondo elikatu, mediku errebisioak pasa eta sendatu beharreko gaixotasunei aurre egiteko.

Lehen 50 haurrak Donostiara iritsi ziren 1986an eta pixkanaka-pixkanaka gainerako herrietara zabaldu zen programa.

Urte hauetan ehundaka haur izan dira gure herrietan eta ehundaka harrera familien parte hartzea izan da, eurak bait dira programa honetako bigarren protagonistak.

Haur sahararrek gure inguruan uda igarotzeko harrera familiak behar ditugulako, familiako kide bat gehiago izatera iritsi arte.

Oporrak bakean programak,  sortu zeneko helburu berberak mantentzen ditu, bi hilabeteetan zehar, era orekatuan elikatzen dira, elikagai eskasiak sortu dizkien gaixotasunak sendatuz, eta harrerako lehen asteetan mediku errebisioak gauzatzen zaizkie, beharrezkoa den kasuan tratamendu ezberdinak burutuz.

Bi hilabeteko egonaldian haurrek osasunean irabazten dute, erbesteak lapurtutako osasuna berreskuratzen dutelarik.

Gainera euren herriaren aldeko lagunak egingo dituzte, urte askotan zehar saharar biztanleekin bat, borrokarako lagunak aurkituko dituztelarik, Oporrak bakean programa ezohizko egoera batean sortutako programa delako eta egunen batean, ahalik eta azkarren, saharar haurrak euren guraso eta aiton-amonekin batera Mendebaldeko Saharara itzultzean desagertuko den programa delako.

Harrera familia mordoa behar ditugu, Gipuzkoan iaz gure inguruan uda igaro zuten haur saharar kopurua berbera etor dadin 32 harrera familia behar ditugulako.

Gu guztiok zuei dei egin nahi zaituztegu, gure helburua betetzen lagundu diezaguzuen, haur talde bati osasuna berreskuratzen lagun diezaiozuen.

Beharrezkoa den gauza bakarra, harrera familia izateko nahia izatea da.

Udaletxeok haurren bidaiako gastuei aurre egiten bait diete, harrera familioi zuen mahaian plater bat gehiago jartzea soilik eskatzen dizuegu. Sahararen aldeko elkarteok aldiz gure babesa eta laguntza emango dizuegu.

Pertsona bakarreko familiak, seme-alabarik gabeko familiak, seme edo alaba bakarrekoak edo anitzekoak, seme-alaba txikiak edo helduak, jubilatuak… denak zarete egokiak zuen etxeetako atea haur saharar bati zabaltzeko.

10 eta 12 urte bitarteko saharar neska-mutilekin udako bi hilabeteak igarotzeko harrera familien bila gabiltza, zure bila gabiltza.

Saharatik Euskal Herrira, desertutik gure etxeetara ahalik eta haur gehien ekar ahal izateko.

Informazio gehiago eskuratzeko, edozein zalantza argitzeko edo aukera ezberdinak antolatzeko gerturatu zaitez zure herriko gizarte zerbitzuetara edota idatzi oporrakbakean@gmail.com era edota begiratu www.oporrakbakean.jimdo.com

Departamento: