Gaur, osteguna, Errege Magoak iritsiko dira eta Bergarako herria prest dago bisita jasotzeko. Ohitura den bezala, Bizar Zuri izango da lehena Bergarara etortzen; 17:00etan iritsiko da eta udaletxe azpian egongo da haurren gutunak jasotzeko, bera baita erregeen postaria. Ondoren, San Joxepe elkarteko kideek prestatutako txokolatea dastatzeko aukera egongo da.

Behin gutunak jasota, Errege Magoen kabalgata izango da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar 19:00etan abiatuko dira Udal Biltegitik eta Masterreka, Bideberri, Ibargarai, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar, Barrenkale, Plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekale eta Arruriaga kaleak igaroko dituzte. Gainera, aurten Bergarako Atzegiko kideek, Elena Lete alkatearekin batera, ongietorria emango diete Bizar Zuri eta hiru erregeei.

Elosun ere

Bergarako udalerrian ez ezik, Gabonetako magia auzoetan ere zabalduko da. Horrela, Elosura ere gerturako dira Erregeak. Lehenago ordea, 17:00etan ipuin kontalariaz gozatzeko aukera izango da auzoko frontoian. Errege Magoak 18:00etan iritsiko dira eta Elosuko haurrek gutunak emateko aukera izango dute 21:00ak arte.

Bestalde, inguruko herrietatik Bergarara etortzeko, autobus zerbitzu berezia jarri dela gogoratu nahi da. Hona hemen ordutegia;

 

Adjuntos: 
Departamento: