Bergarako herria prest dago larunbateko Erramu Zapatuko feria ospatzeko. Goizean goiz zabalduko da azoka, 09:00etan, eta produktu ugariz osatutako azoka jendetsua izango da aurtengoa. Izan ere, 183 postu inguru izango dira txoko desberdinetan banatuta. Muniben eta plazan artisauak izango dira, Fraiskozurin eta Simon Arrietan elikagaiak eta Seminarioko atarian, berriz, bestelako postuak.

Postu hauez gain, abelburuak, hegaztiak, artisauen postuak edota makinaria egongo dira ikusgai. Gainera, kaleko giroa berotzeko joaldunen eta trikitilarien kalejira, XXIII.txorimalo lehiaketa Ibargarai kalean, herri bazkaria Udal pilotalekuan, arratsaldeko gaztetxoentzat zezentxoak eta kale animazioa txarangarekin ere izango dira. Aspertzeko betarik ez da izango beraz egun guztian zehar. “Bergararrak eta kanpotik etorriko direnak jai eguna ondo pasatzera animatzen ditugu, beti ere errespetuan, parekidetasunean eta bizikidetzan oinarrituta”, agertu du Elena Lete alkateak.

Larunbateko egun handiaren aurretik, ordea, ostegunean, apirilak 6an, Irumendi elkartearen 50. urteurrena ospatzeko hitzaldia izango da Uned-eko areto nagusian 18:30ean. Hitzaldiaren izenburua; "Irumendi elkartea:  Gorlako larretik kalitatezko okela sortzen 50 urtean" eta aukera paregabea izango da Irumendi elkartearen ibilbide oparoa gogoratzeko.

ALDAKETAK TRAFIKOAN

Aparkalekuak:

  • Ibargarai kalea 4 zenbakitik aurrera kotxez libre egon beharko dira larunbatean goizeko 06.00etarako. Bertan ganadua jarriko da.
  • Fraiskozuri kaleko alde biak libre egon beharko dira apirilaren 7an, ostiralean,  goizeko 07.30etarako. Bertan postuak jarriko dira.
  • Erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, larunbatean Ipintza institutuko eta San Martin Agirre ikastolako jolas tokiak zabalik utziko dira aparkaleku bezala erabiltzeko.

Trafikoari moztutako kaleak:

  • Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoari itxita egongo dira goizean zehar. Beraz, trafiko guztia bariantetik desbideratuko da.

            Guzti hori ikusita garajea dutenei gomendatzen zaie egun horretan kotxea barrura sartzea eta herritar guztiei oinez joateko erdigunera, ahal den neurrian behintzat, bertako trafikoa oso nekeza izango baita.

Azkenik gogoratu feria egunetan azken urte hauetan “karteristak” azaldu direla, eta herritarrei tentuz eta arretaz ibiltzeko gomendioa egiten zaie.

EUSKAL HERRIKO TXIRRINDULARI ITZULIA

Bestalde, Euskal Herriko txirrindulari itzuli Bergaratik igaroko da larunbat arratsaldean eta aurreratu dutenez, antolatzaileek GI 2632 (Bergaratik Elgetara) eta GI 627 (Bergara Maltzaga) errepideak moztuta izango dituzte 13:00etatik 17:30era bitartean. Ondorioz, auzo batzuetan arazoak sortuko dira, Ubera, San Juan, Mekolalde eta Osintxun eta Bergarako Udalak, irtenbideak emango ditu ahalik eta eragozpen gutxiena izan dezaten auzo horietako bizilagunek;

  • San Juan Auzoko bizilagun eta Tartufo jatetxeko bezeroentzako, itzuliaren antolatzaileek urbanoa jarriko dute 13:30etatik 17:30ak arte. Irteerak ITV edo IAT ondoko autobus geltokitik izango dira, eta ARIBAR Industrialdegiraino (BOLINTXO) iritsiko da. Han buelta hartu eta beheruntz etorriko da.
  • Mekolalde eta Osintxu auzokoentzako trenbide zaharreko bidegorritik autoarekin joaten ahalbidetuko zaie. Itzuliaren antolatzaileek bi persona jarriko dituzte era horretan antolatu ahal izateko. Esan beharrik ez dago bidegorritik ibiliko diren autoak poliki eta tentuz joan beharko direla, oinezkoekin gurutzatu ahal direlako.
  • Ubera auzoko bizilagunentzako herribusa jarriko da 9:00etan Bergarara joateko eta 18:00etan Uberara itzultzeko beste zerbitzua eskainiko da. Bestetik, 13:30ean hasita, eta ordu erdiro, Ernaitik San Juanera autobus zerbitzua eskainiko dute itzuliko antolatzaileek.
Adjuntos: 
Departamento: