Bergarako Udal Gobernua, Hego Euskal Herriko beste hainbat udalek bezela, Espainiatik jasotako aginduari men egin beharrean aurkitzen da: Espainiako Bandera udaletxean, barruan eta kanpoan toki ikusgarri eta lehentasunezkuan jarri behar dugu. Hori egiten ez badu alkatea nahiz zinegotziak zigor gogorrak jasotzeko kinkan jarriko lirateke: lanpostu publikoetan lana egiten dugunok inhabilitazio bidez lana gal dezakegu eta, edonola ere, eremu publikotik egiten diren lan eskaintzerara sarrera galarazita izango genuke, horrezaz gain zigor ekonomikoak izango genituzke. Presio neurri hauek ez dira berriak, urteetan zehar beste hainbatek jasan izan dituzte horrelakoak, edo okerragoak. Neurri hauek, besteak beste, honakoa ahalbideratzen dute: erakunde publikoetako langileen depurazioa.

Bergarako Udal Gobernua osatzen dugun kideok gure egunerokoan herritar guztien ongizatea dugu lehentasunezko jardueratzat eta euskara eta euskal nortasunaren garapenari indarrez ekiten diogun arren, ez diogu gure ohiko jardunean aparteko garrantziarik eman izan abertzaletasunaren adierazpenari; izan ere, ikurriña aparteko jai berezietan bakarrik jarri izan dugu udaletxeko balkoian, Bergarako banderarekin batera. Aldiro egiten den adierazpen publiko honek atxikimendu nabarmenak eragin ditu eta ez dugu herritarrengandik horren aurkako adierazpenik inoiz ere jaso. Herriak normaltasun osoz bizi izan du ikurriñarekiko nahiz herriko banderarekiko atxikimendua.

Hori dela eta, herritarron gehiengoaren sentsibilitatea mindu zezaleekaoan, Espainiako estatuaren erpil berdintzailearen inposaketa honen berri jakin bezain laster, berau saihesteko aukerak aztertzeari ekin genion eta, besteak beste, beste herri batzuetan jarraitu dituzten irizpideak aztertu genituen. Eredugarria iruditu zitzaigun Eskoriatzak bideratutako ekimena: herrian diren nazio sentsibilitate guztien adierazpena udaletxean aldarrikatzea; izan ere, Bergarako herritarren askoren sentimentua ikurrinaren aldekoa bada ere, beste nazio identifikazio guztiei adierazteko aukera ematen die.

Gaiari buruzko lanketa udal talde politikoekin egin da eta, tamalez, parte hartzeko aukerak eman zaizkien arren, gaurko proposatzen diren ekintzeratako atxikimendurik ez dugu lortu. Saiatu gara, baina sentimentuen gainetik interes politikoak gailendu dira. Honen aurrean adierazi nahi genuke guztiz penagarria iruditzen zaigula gaurkoa bezalako egun baten Bergaran euskal abertzale sentitzen direnen batasunik eza horren agirian geratzea. Inposaketa honen bultzatzaile nagusiak direnak pozik sentitzeko modukoa, alajaina! Hala ere, oraingoan erantzun bateratua ematea lortu ez badugu ere, gure aldetik orain arte egin dugun bezala jarraituko dugu elkarguneak topatzen.

Afera, bada, ez da bukatu, Eskoriatzan egin duten sentsibilitate guztiekiko begirunezko ahaleginak epaileen aldetik hutsaren kontsiderazioa izan du. Ezin omen zaio lurraldearen españolaitateari iruzur egin, bandera española leku nabarmen eta besteekiko lehenetsian jarri behar da, beste guztiak baino handiago, nabarmenago, besteekiko nagusitasuna agerian geratzeko moduan jarri behar omen da. Handia handi eta txikiak txiki, argi gera dadila!

Gertakari hauek mingarriak dira oso Udal Gobernu honentzat, gogoan dugu une hauetan hainbat herritarrek ikurrinaren alde egindako borroka eta bat egiten dugu haien saminarekin. Bukatzeko, aldarrikatu nahi ditugu herrian diren nazionalitate guztiak, eta bereziki Bergarako herritarren gehiengo zabalarenaren abertzaletasuna. Inposaketa guztien gainetik, geurea, ikurriña.


Departamento: