Monumentuaren argazkia

XIX. mendearen bigarren erdikoa da epaitegia; eklektizismo garaikoa. Garai hartan Bergara barruti-judizial buru izendatu zuten, eta orduan egin zuten aldi berean epaitegia, kartzela eta ikastetxea izango zen eraikina. Izan ere, XIX. mendean berregituratu egin zuten Justizia Administrazioa eta alkateak konpetentzia jurisdikzionalak izateari laga zion; barruti-judizialak sortu ziren eta horietako bat izan zen Bergara, Lehen Instantziako epaitegiarekin. Hain justu, epaitegi hori kokatzeko egin zuten eraikina, kartzela eta guzti, eta herriak garai hartan egoitza egokirik ez zuenez, eskola ere han jartzea erabaki zuten.

Eraikin hori egitearekin batera, guztiz aldatu zen Ariznoa plazaren itxura (San Pedro plaza, garai hartan). 1863an, ospitalea bota zuten, ordurako eraikita zegoelako Casa de Beneficencia (gaur egun Mizpirualde egoitza), Martina Maiz-ek, Blanc-en alargunak emandako diruarekin.