Jaiotza: 
1 651
Heriotza: 
1 695

"Sor Juana Ines Gurutzekoa"

Literaturaren alorrean eta komentuko bizitzan honela deitzen zioten poeta eta prosalari euskaldun-mexikar honi, eta Mexikoko fenixa ere bai. San Miguel de Neplantan (Mexikon) jaio zen 1651ko azaroaren 12an. Pedro Manuel Asbaje zuen aita, sortzez bergararra(?) eta Isabel Ramirez ama, Hernan Cortesen lehen emaztearen ondorengoa. Cecilia G. Guilartek Sor Juana Ines de la Cruz. Claro en la selva lanean dioenez, gazte-gaztetan eskola eta unibertsitateen berri izanik, amari erreguka ibiltzen zitzaion gizonez jantzita eskolara joaten uzteko. Hortaz, pentsatzekoa da garai hartan emakumeek ezin zutela unibertsitatera joan, eta horregatik nahi zuela gizonez jantzi.

Latina, erretorika eta filosofia ikasi zituen bere osaba Pedro Jose Olivas apaizarekin. Leonor Castro erreginaordearen dama izan zen. Jauregian ikasten aritzen zen, eta unibertsitateko 40 irakaslek eta hainbat teologo, filosofo, humanista eta matematikarik jendaurreko azterketa egin zioten Fakultate guztietako gaiez. Harri eta zur geratu ziren denak azterketaren emaitzarekin, Juanak izugarrizko jakituria zuela ikusi baitzuten.


Komentuko bizitzari lotuta

Bere dohain bikainak, bere edertasun, gaztetasun eta iaiotasun poetikoa eta gortean zuen lekua zirela-eta, ustez etorkizuna izan behar zuen. Baina, hala ere, monasterioko bizimodua aukeratu, eta 1667ko abuztuaren 14an karmeldar oinutsen San Jose komentuan sartu zen. Handik hiru hilabetera komentua utzi egin behar izan zuen gaixotasunak jota, baina 18 urte bete ondoren, 1668ko otsailaren 23an, San Jeronimoren komentuan sartu zen behin betiko.

Bizitza erlijiosoari emanda bizi izan zen guztiz, eta monasterioko bake eta sosegua lagun zituela ekin zion literaturari, hitz lauz zein neurtitzetan idatziz. Menendez Pelayoren arabera, Juanak maitasun profanoari buruz idatzitako bertsoak emakume batek inoiz idatzitako bertsorik ezti eta gozoenetakoak dira. Juanaren literatur lanak hiru multzotan banatzen dira: idazlan poetiko txikiak, antzezlanak eta prosan idatzitako testuak. Lehen multzoan soneto, glosa, erromantze, eresi eta gabon-kanta ugari daude, besteak beste. Gabon-kantetako kopla batzuk latinez, portugesez, Ginea eta Mexikoko hizkuntzetan eta aitaren hizkuntzan, hots, euskaraz, idatzi zituen. Sor Juanaren auto sakramentalen artean San Hermenegildo, Divino Narciso, El mártir del Sacramento, El cetro de José lanak nabarmentzen dira, eta komedien artean, berriz, Los empeños de una casa eta Amor es más laberinto. Prosan idatzitako testuei dagokienez, bere garaian gaztelaniaz idatzitako onenen parekoak dira. Ondorengoak dira ezagunenak: Crisis sobre un sermón eta Respuesta a sor Filotea. Bigarren lana dugu garrantzitsuena, batetik, datu autobiografiko garrantzitsuak eman zituelako, eta bestetik, emakumeen adimenaren alde egiteaz gain, kultura eta irakaskuntzarako eskubidea dutela aldarrikatu zuelako. Hori dela eta, munduko mugimendu feministaren aitzindaritzat jotzen dute, beste zenbaitekin batera.

Sor Juanari Jesusen Lagundiari erasotzea leporatu nahi izan zioten, aita Antonio Vieira jesuitak Lisboan emandako sermoi bat kritikatu ondoren. Vieira garai hartako hizlari erlijiosorik ezagunena zen, baina sor Juanak bere burua ederki defendatu zuen, berezkoak zituen argitasuna eta adimena agerian utziz.

Sor Juanak ez zuen bere jaioterria eta euskara ahaztu, eta hori bere lanetan antzeman dezakegu:

  • Gabon-kanta batean eta "Obras poéticas" lanean jasotako eskutitz batean arbasoak euskaldunak direla, bera ere euskalduna dela eta sorterria bihotzean daramala diosku.
  • Arantzazuko Amaren omenez egindako beste gabon-kanta batean euskarazko hitz batzuk erabili zituen.
  • Juan Orbe Arbieto jaunari idatzitako eskutitzean ere argi eta garbi adierazten du euskalduna dela jatorriz: Bizkaiko leinukoa naizen aldetik, eta berori familia txit noble bateko semea, Orbe eta Arbieto etxeetako semea alegia, itzul bitez fruituak beren enborrera eta eskain biezazkie nire mintzaldietako errekastoek beren korronteak jaioterriko itsasoari.

1689an Juana Asbajeren idazkiak biltzen hasi ziren Paredes kondesak, Mexikoko erreginaorde eta sor Juanaren babesle handia zenak, bultzatuta. Lan haietako gehienak eskuz idatzita zabaldu ziren, eta Paredes kondesaren ekimenari esker, sor Juanaren lehen liburua argitaratu zen handik gutxira: Inundación Castálida de la única poetisa, musa décima, Sor Juana Inés de la Cruz. Urtebete geroago Poemas izenburuarekin kaleratu zen liburu hori bera. Bigarren liburua, berriz, Sevillan argitaratu zen 1691ean, eta hirugarrena Madrilen 1700. urtean.

1695ean Mexikon jasan zuten izurritean, sor Juanak bere ahizpa mojak zaintzen eman zituen egunak, bera ere, neke handi haien ondorioz zeharo nekatuta, gaixotu egin zen arte. Sor Juanaren gaixotasun larriaren berri izan zutenean, Mexiko Hiriko biztanleen bihotza biziki hunkitu zen. 1695eko apirilaren 17an hil zen.