Jaiotza: 
1 915
Heriotza: 
2 002

On Serafin Esnaola Errezilen jaio zen 1915ean. 1937ko uztailaren 2an ordenatu zuten apaiz, eta, hain zuzen, bere lehen meza Bergaran eman zuen hamabi egun geroago. Ekintza pastoralean buru-belarri aritu zen gizona, bere alderdi sozialean eta kulturalean eraman zuen aurrera, gainera. Gerra zibila (1936-1939) amaitu ondoren, klandestinitateko euskal kleroaren berregituraketan funtsezko papera bete zuen. 25 urtez aritu zen Bergaran apaiz lanean eta bitarte horretan itzala utzi zuen herri osoan.

1964ko ekainaren 7ko goiz partean iritsi zen On Serafin Esnaola Trintxerpetik Bergarara, "deserriratu" eta Bergarako azken apaiz lagunkide gisa. Ordura arte bere auzotar eta eliztar izandakoek antolatutako zenbait autobusek eta auto partikularrek lagunduta eta "babestuta" iritsi zen hona. Horiek, dudarik gabe, gizon honen lan ona egiaztatzen zuten eta horren lekuko ziren.

San Antonio auzoko ermita xumean lan egitea zegokion, nonbait, "azken apaiz lagunkideari". Iritsi zen egunaz geroztik sanantoniotar bat gehiago izan zen On Sefarin, eta aurrerantzean apaiz eta eragile soziokultural gisa arituko zen, auzoan ez ezik Bergara osoan ere.

Euskararen eta kulturaren sustatzaile

  • San Antonioko kapera xumearen ardura izan zuen 25 urteetan, On Sefarinek euskara bultzatu zuen Bergaran eta Komenio kaleko parrokia-etxearen bigarren pisuan kokatu zen lehen Ikastolaren sorrera ere bai (Josu Oregirekin, Txomin Amasorrainekin, Pilare Mujikarekin e.a. lankidetzan).
  • Pol-Pol mendizale taldeko "Gaztetxoen" atalaren sortzailea eta fundatzailea izan zen (ekintza asko burutu zituena eta burutzen dituena egun ere).
  • "Gure Ametsa" kultur eta astialdiko elkartearen fundatzaile aktiboa izateaz gain apaiz bikaina eta denen laguna.

Bestalde, euskal kleroaren berregituraketan funtsezko papera izan zuen apaizetako bat dugu. "Euskal kleroa klandestinitatean" liburua idatzi zuen, eta beti gogoratuko zuen Trintxerpeko "deserritik" "Eliza baten itxiera" liburua argitaratu zuen.

Sabino Arana fundazioak saria eman zion "Bizitza osoko ibilbidea" atalean 1999an. Sari honekin, "batez ere frankismo garaian kristau-elkartearen alde eta herritarren eskubideen alde hark egindako ekarpen garrantzitsua" aitortzen zuen fundazioak. "Kultur eta gizarte-ekimen emankorrak, elizakoak eta elizatik kanpokoak, baina betiere espiritu erlijiosoak bultzatuta, aurrera eramateko egin zuen lana eredugarri izan zen eta horrek jarduera solidarioak eta euskal kleroaren berregituratzea bultzatu zituen" (Aita Mauro Elizondok, Aita Joxemiel Barandiaranek eta Agustin Zubikaraik, besteak beste, sari berbera jaso dute).

Baina On Serafin, funtsean, denen laguna izan zen. Erretiroa hartzean Bergara utzi eta Donostian jarri zen bizitzen bere bi arrebekin. Baina Bergarako herriak ez zuen halako pertsona karismatikoa berehalakoan ahaztu. "Sanantoniotarrek", Pol-Pol mendizale taldeak e.a. egin zizkioten zenbait omenaldi eta gero, Bergarako Erreilenoaren eta Tostoiaren Kofradiako Ohorezko kofrade izendatu zuten 2002ko irailaren 15ean.

Gaixotasun baten ondorioz, Donostian hil zen 2002ko azaroaren 3an. Bi autobus, auto partikular ugari eta Donostiako "kolonia" bergararra hiletara joan ziren.

Trintxerpeko jendez betetako autobusek lagun egin zioten Bergararaino, eta bergararrez betetako autobusek eman zioten azken agurra Donostian.

Bergarako Udalak, 2003ko martxoaren 31an egindako bileran, Herriko Semetzat hartzea erabaki du. Aldi berean, San Antonion (Algodoneran) egingo den urbanizazio berrian plaza edo kale bati bere izena ematea erabaki du.