Irailaren 26a herritarren lan eta gizarte eskubideen aldeko borroka eguna dela deritzo. Zerbitzu minimoak aktibo izango dira herritarrei gutxieneko zerbitzua bermatzeko.

Bihar, irailak 26, Bergarako Udal Gobernuko kideek bat egingo dute azken hilabeteetan Espainiako Gobernuak, herritarren kalterako, indarrean jarri dituen neurri murriztaileen aurka euskal sindikatuek deituriko greba orokorrarekin.

Udal Gobernu honen iritziz, azken urteotan, Ongizate Estatuaren atzerakada nabarmena izan da eta indarrean sartutako neurri berriek (BEZaren igoera, lan erreforma edota hainbat alorretan izandako murrizketak, besteak beste) are gehiago murriztu dituzte herritarren gizarte-eskubideak.

Horregatik guztiagatik irailaren 26a lan eta gizarte eskubideen aldeko borroka eguna dela deritzo Bergarako Udal Gobernuak eta, bidezkoagoa den gizarte baten aldeko aldarria egiteko, greba orokorrarekin bat egingo du.

Hala ere, ohikoa den bezala, herritarrei gutxieneko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko legez ezarritako zerbitzu minimoak martxan izango dira.