Monumentuaren argazkia

Plaza dagoen lekuan, Kontzeju plaza izenarekin ezagutzen zen plaza txiki eta xumeagoa bazegoen jada XVI. mendean. Plazatxo hartan, XVII. mendearen bigarren erdian, Barroko garaian beraz, aldaketa sakonak egin zituzten:


  • Handitu eta erregularizatu egin zen.
  • Hainbat etxe zahar bota ziren.
  • Udaletxe berria eta Jesuiten ikastetxea (gaur egungo Errege Seminarioa) eraiki ziren.


Bergara, beraz, behar zuen espazio publiko zabal, argitsu eta dotoreaz hornitu zen. Halakoxea da monumentu ederrez inguratuta dagoen San Martin Agirre plaza. Bertan, albo batean, Izagirre-Moia Jauregia dugu (XVIII. mendea) eta bestean, Jauregi Etxea eta Ondartza Dorrea. Plazaren alde zabalenetan, berriz, bata besteari begira, Bergarako Errege Seminarioaren eta Udaletxearen fatxada aterpedunak aurkitzen dira.

Jesuiten ikastetxea izandako eraikuntza Bergarako Errege Seminarioa izatera pasa zen XVIII. mendearen azken laurdenean, eta hezkuntza eta ikerketa zientifikoaren esparruan Europako zentrorik garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen. Erakunde honen “Laboratorium Chemicum”-ean Elhuyar anaiek wolframio isolatu zuten 1783. urtean. Gaur egun ikusten dugun eraikuntza honen fatxada XIX. mendearen erdialdekoa da. Bergarako udaletxea Lucas de Longa arkitektoaren obra dotorea da, XVII. mendearen bukaera aldekoa. Fatxada nagusian hiru armarri handi ikus ditzakegu: ezkerraldean Gipuzkoakoa, erdian orduko Espainiako erresumakoa eta Bergarakoa eskuinean. Fatxadan ere, bi idazki daude, 1727an grabatutakoak eta Bibliako Ecclesiastico liburutik hartuak:

  • En casa del que jura no faltará desventura.
  • O que mucho lo de allá o que poco lo de acá.

Barruan merezi du bere Areto Nagusia bisitatzeak. Leku honetan antzeztu zen lehenengo aldiz Peñaflorida Kontearen “El Borracho Burlado” opera 1764 urtean. Gaur egun ikusten dugun aretoaren dekorazioa piktorikoa (bergarar ospetsuen erretratu galeriarekin) XIX. mendearen azken urteetan datatu behar da.