Monumentuaren argazkia

Etxetxo honek bere behe solairuan eskaintzen digun Errenazimendu garaiko fatxada fin eta ederrari esker ikus dezakegu argi eta garbi, garai bateko arkitektura estilo nagusiak eraikin handietan ez ezik (hala nola, eliza eta jauregietan), herriko etxe xumeagotan ere gauzatzen zirela. XVI. mendearen erdialdean kokatu behar da obra hau, eta estilistikoki, Platereskoaren azken aldian. Fatxadan bi bao:

  • Puntu erdiko portada: bere bi aldeetan, hau enmarkatzen, pilastra toskaniar bikoitzak ditugu altueraren erdiraino, eta hauen gainean berriz, pilastra bikoitz parea, joniarrak oraingoan. Hauen artean dago sarrera arkua, eta bere ate-harriak (kasetoi formakoak direnak) arroseta ederrez daude apainduta.
  • Leiho dinteldua: alboetan zutabetxo finak dituena eta goiko aldean tondo edo medailoi bat, barruan kerubin edo aingerutxo bat hartzen duena.

Arte historialaria den Jesus Gil Massaren iritziz, Errenazimenduko herri arkitekturaren alorrean Artekalea 15eko fatxada adibiderik interesgarrienetakoa da, ez soilik eskualde mailan, Penintsula mailan baizik.